Oinartxo zabortegiaren lixibiatuei dagokien epaia Azkoitia Lantzen-en aldekoa izan da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko abe. 3a, 17:00

Esther Lizarralde zinegotzia, Pello Bastarrika alkatea eta Inaxio Gorosabel zinegotzia, gaur, epaiaren berri ematen
(Ane Olaizola) Azpeitiko Lehen Auzialdiko epaitegiak eman du Oinartxo-Eginoberri zabortegiko lixibiatuei buruzko ebazpena: Azkoitia Lantzen-en aldekoa izan da epaia, eta ebatzi du zabortegiaren lixibiatuen kostuen ardura Hierros Eguinori dagokiola. Beraz, 2008. urtera arte Eginoberri eremuko zabortegiko lurren jabea izan zen enpresak 479.640 euro ordaindu beharko dizkio Azkoitia Lantzen-i. Era berean, zabortegiaren deskontaminazioa eta hango lixibiatuen depurazioa eta tratamendua ere bere gain hartu beharko du enpresak. Azaroaren 4ean izan zen epaiketa. Epaia, berriz, Azkoitia Lantzen-ek Hierros Eguino S.L enpresaren aurka salaketa jarri eta urtebetera iritsi da. Udal Gobernuak «lasaitasunez» hartu du ebazpena, albistea «ona» delako. Dena den, kritiko azaldu da Azkoitia Lantzen-en azken urteetako kudeaketarekin, «epaiak ez dituelako ezkutatzen azpian dagoen arazo nagusiena eta arazoa sortarazi duten erabakiak». 2008. urtera bitartean Hierros Eguino enpresa izan zen zabortegiaren lurren jabea; urte horretan Azkoitia Lantzen-ek erosi zizkion lurrak, industrigunea egiteko asmoarekin. 82.313 metro koadroko lur garbia, 60.387 metro koadroko lur kutsatugatik trukatu zituzten. Bi aldeek kontratu pribatua egitearekin batera, urte horretan bertan Azkoitia Lantzen-ek Bernardo Ecenarro enpresari saldu zizkion lurrak. 2009an egin zuten salerosketaren agiri publikoa, eta baldintza batzuk zehaztu zituzten Azkoitia Lantzen-ek eta Hierros Eguinok. «Kutsatutako lurretatik sortzen ziren lixibiatuen tratamenduaren kudeaketa Azkoitia Lantzen-ek egitea eta lan horien kostua Hierros Eguinok ordaintzea adostu zuten», gogoratu du Udal Gobernuak. Agiri hartan 500.000 euroko gastuak zehaztu zituzten tratamendu horiek egiteko; 8 hilabetera enpresak Eusko Jaurlaritzari 15.613.000 euroko kostua zutela jakinazari zion ordea. «Horrez gain, agiri horietan argi zegoen Hierros Eguino izango zela lur horien deskontaminazio lanen arduradun bakarra», gaineratu dute. Honen aurrean, Udal Gobernuak behin baino gehiagotan salatu du enpresak ez dituela bi konpromiso horiek bete, eta epaileak arrazoi eman die orain. «Berme eta kontrolik gabe» Hierros Eguinok zabortegia deskontaminatzeari eta lixibiatuak tratatzeari «uko» egitearen ondorioz, erakundeak hartu zituen bere gain ardura horiek. Horrek 979.640 euroko kostua eragin zituela jakinarazi dute, eskrituretan adostutakoa baino 479.640 euro gehiago. Hain justu, kopuru hori jaso beharko du orain Azkoitia Lantzen-ek. «Diru hori eta lixibiatuen tratamenduaren kostua bere gain hartzeko behin eta berriz eskatu dio Azkoitia Lantzen-ek Hierros Eguinori, baina enpresa horrek uko egiten zion, 500.000 euro horiek ordainduta zituela argudiatuta. Arrazoi horiengatik jo zuen Azkoitia Lantzen-ek epaitegietara». «Zergatik erabaki zuten Azkoitia Lantzen-eko orduko agintariek kutsadura arriskutsua zuten lurrak erostea? Zergatik ez zuten egiaztatu Hierros Eginok betebeharrei aurre egiteko kaudimenik edo solbentziarik ba al zuen? Zergatik ez zitzaion inolako bermerik eskatu? Zergatik erosi zituen lur horiek Azkoitia Lantzen-ek aldez aurretik hirugarren bati saldu zizkionean, hirugarren horrek zuzenean erosi beharrean? Zergatik ez zuten baloratu operazio honen arriskua?», galdegin du Udal Gobernuak honen guztiaren aurrean. Izan ere, orduko agintariek Azkoitia eta azkoitiarren «segurtasuna eta osasuna arriskuan» jarri zutela ohartarazi dute, «Hierros Eguinok bere obligazioak betetzen al zituen ez zutelako bermatu» eta «lur horietan egiten zena eta egiten ez zena ez zutelako kontrolatu». «Azkoitia Lantzen-ek eta Eusko Jaurlaritzak hartu behar izan dute utzikeria horren ardura, arazoari ahalik eta irtenbide zuzenena emateko». Zentzu horretan, «EAJren arduragabekeria» salatu dute: «Besteak beste, epaiketa baino bi hilabete lehenago Azkoitia Lantzen-en interesak defendatzeko abokatua izendatzearen aurka agertu ziren, horrek sozietateari sor ziezaiokeen indefentsio arriskuarekin». Udal Gobernuak adierazi du gai honen inguruan «erantzukizunak» dituztenei «ardurak eskatzen» jarraituko dutela, «kontua azken muturreraino eraman arte eta ardura dutenek eurei dagokiena bete arte».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide