Pello Bastarrika alkatea eta Urrategi Alberdi eta Esther Lizarralde zinegotziak, aurrekontuen proposamenen berri ematen
(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udal Gobernuak 2014ko udal aurrekontuen proposamena aurkeztu du, joan zen asteazkenean ogasun batzordean horien berri eman ostean. Hiru arlotan banatu nahi dituzte datorren urteko aurrekontuak; Udal Gobernuaren erronketako bat da Azkoitia "bizia" lortzea, eta hori lortzeko sozio-ekonomia arloko partidak %40 igo nahi ditu. "Iraurgi Berritzenen bidez, eskualdeko enpresa-ehuna indartu eta ekintzailetasuna sustatu nahi dugu", adierazi du Urrategi Alberdik, Ogasun zinegotziak. Aurreko urtean baino 63.000 euro gehiago bideratuko dute horretara; 223.000 euro guztira.
Merkataritza eta turismoa sustatzeko, berriz, 76.000 euroko partida mantentzea aurreikusten dute. Herriko saltokien inguruko "multimedia gida" martxan jartzeko asmoa dute, "merkatarien leiho" izan dadin. 18.000 euro gorde nahi dute horretarako.
"Azkoitia txukun" bat ere nahi dutela azpimarratu dute, eta horretarako hainbat partida bideratzeko asmoa dute. Besteak beste, herria txukuntzeko bederatzi lanpostu sortu nahi dituzte. Dagoeneko lau kontratatu dituzte, eta gainontzekoak hurrengo urtean egingo lituzkete. Bost hilabeterako kontratuak izango dira.
Horrez gain, herri barruko autobus zerbitzua hurrengo urtean jarriko dutela berretsi dute. "Zerbitzu honek San Martin, Floreaga, Ipintza eta Altzibar auzoak edo San Jose egoitza lotuko ditu autobus bidez, han bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz", adierazi du Urrategi Alberdik, Ogasun zinegotziak. Autobusak "hobekuntzak" ekarriko dituela uste du, besteak beste "autoak gutxituko direlako eta beraz airearen kalitatea hobetuko delako; guztion mesederako izango da". Aurrekontuak onartu bezain laster lehiaketa publikora aterako dutela aurreratu dute. Era berean, adierazi dute gastu orokorrak "estutzen" joan direla azken bi urteetan, eta horren ondorioz "nabarmen aurreztu" dutela.
"Txukuna" ez ezik, Azkoitia "solidarioa eta justua" ere izan dadin nahi dute. Horretarako, 24.000 euro gehiago bideratu nahi dituzte behartsuekin lan egiten duten taldeei ematen dizkieten diru-laguntzetara. Horrez gain, herriko Gobernuz Kanpoko Erakundeei ematen dizkieten diru-lguntzek 15.000 euro gehiago izango lituzkete 2014an, herrialde desberdinetako garatzen dituzten proiektuak aurrera eraman ditzaten. "Ezin ditugu ahaztu mundu osoan zehar dauden baztertuak, sistema ekonomiko honek kanpoan uzten dituenak, gure sistema ekonomikoak, urik gabe, janaririk gabe, osasun zerbitzurik gabe, inolako babesik gabe. Azkoitia solidarioa da, beraz, udalean ere horrek agerian gelditu behar du". Era berean, gizarte zerbitzuetako partidak eta laguntzak mantentzea da euren asmoa. Alberdik adierazi du, gainera, jubilatu tabernako emakumeen komuna berritu egin dutela, "egoera txarrean" zegoelako. 19.000 euro gastatu dute horretan.
Elkargunean egingo duten Musika Gunearen proiektua ere ekarri dute gogora. 500.000 euroko partida sartuko dute aurrekontuetan: "Guretzat oso garrantzitsua da proiektu hau, herriko musika elkarteek dituzten azpiegitura eta irisgarritasun arazoak konpontzen baititu. Horrekin batera, kultura molde berri bat sustatzeko balioko du, herriko elkarteen arteko elkarlan sarea sortzeko". Era berean, gogoratu dute Azkoitia Lantzenek dituen zenbait konpromiso eta epaiketek udalaren aurrekontua "baldintzatzen" dutela. Hala, adierazi dute 92.000 eurotako ekarpena egin beharko diotela sozietateari, dituen "konpromisoei aurre egin ahal izateko".
Danon Herrixe prozesuko proiektuak
Azkoitiko Udal Gobernuak Danon Herrixe prozesua ere izan du hizpide. 2014ko aurrekontuak osatzeko hainbat bilera egin dute azken asteetan herritarrekin, eta han bildutakoek hainbat lehentasun egin dute. Horietatik abiatuta hainbat proiektu sartu nahi dituzte aurrekontuetan; hala nola, Xabier Munibe ikastolan arrapala egiteko 91.500 euro bideratzeko asmoa dute. Airearen kalitatea aztertzeko baliabideak jartzeko, berriz, 15.000 euroko partida bideratu nahi dute. Hondakinak bereizteko zakarrontziak ere jarri nahi dituzte, 12.000 eurorekin. Alberdik adierazi du espaloiak berritzea eta zarataren inguruko neurketa bereziak egitea izan direla boto gehien jaso dituen proiektuetako batzuk, eta horientzako "baliabideak lortzen" saiatuko direla aurreratu du.
Era berean, adierazi dute udal gobernuak hasiera batean proposatutako hainbat proiektu ez dituztela hurrengo urteko aurrekontuetan sartuko, baina datozen urteetan "mahai gainean" jartzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Horietako batzuk dira baratze parkea egitea, txakurrentzako guneak sortzea, komun automatikoak jartzea edota saskibaloiko kantxa berritzea.
Udal Gobernuaren arabera, parte hartze "txikia" izan du aurtengo prozesuak. Horregatik, aurrerantzean herritar gehiagorengana iristeko bide desberdinak aurkitzen saiatuko direla esan dute. "Gure nahia herritar gehiagok parte hartzea da, eta horretarako saiakera egingo dugu". Dena den, ekarpenak egin dituztenei eskerrak eman dizkie: "Badakigu ahalegin handia dela, eta pozgarria da ikustea honetan sinesten duten azkoitiarrak egotea".