Bilduren prentsaurrekoa, atzo
(Ane Olaizola)
Espainiako Kontuen Epaimahaiak Azkoitia Lantzenen kontuak ikertzea erabaki eta gero, Azkoitiko EH Bilduk horren inguruko balorazioa egin zuen atzo, eta epaitegiari eskatu zioten "ageri diren irregulartasun guzti-guztiak azken muturreraino" iker ditzala, "hori baita herri honek merezi duena". Horrekin batera, ebazpena eman aurretik auzia argitzeko "elkarrekin jarduteko" eskua luzatu diote EAJri.
Agerraldian Azkoitiko udalean zinegotzi izan zirenetako batzuk hartu zuten parte, eta kritiko agertu ziren aurreko legealdietako kudeaketarekin; "Asier Aranbarri alkate izandakoak, 13.000 biztalera iristeko anbizioarekin, Azkoitia monopolioa balitz bezala kudeatu zuen bere agintaldian. Espekulazioan oinarritutako politikak egin, eta arduraz eta administrazioak eskatzen duen prudentziaz jokatu beharrean, handinahiak gain hartu eta arduragabekeria handiz jokatu zuen", adierazi zuten, aurreko udal gobernuak 2006tik 2016ra egiteko asmoa zuten jardueren berri emanez kaleratu zuen aldizkari bati erreferentzia eginez.
EAJk "modu ez gardenean" jokatu ez izana egotzi diete, oposizioko zinegotziei "informazio osoa" eman gabe aritu zirelakoan eta beharrezko "prozedurak gainetik pasata" kudeatu zutelakoan. Honek Azkoitiko Udala "kinka larrian" egotera kondenatu zuela azpimarratu zuten. "Aranbarrik bere buruari jarri nahi izan zion gestore onaren fama goitik behera erorarazi dute azken txosten eta gertaerek eman dizkiguten datuek".
Izan ere, orain gutxi Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiak 2010eko ekitaldiari zegokion sozietatearen kontuak ikuskatu ditu, eta Agem aholkularitza enpresak ere sozietateko kontuak ikuskatu ditu. Besteak beste, Azkoitia Lantzenek Txalon Errekako industriagunean 6,6 eta 3,4 milioi eurotan bi sail saldu zituela ebatzi dute, eta horien arabera, eragiketa hori justifikatuko lukeen "administrazioko espedienterik" eta prezioa zehazteko "balorazio txostenik" egin gabe gauzatu zen operazioa. Honen aurrean, Espainiako Kontuen Epaimahaiak orduko eragiketak ikertzea erabaki du orain. Sozietate publikoak eremu horretan 2004 eta 2008. urtera arteko kontuak ikertuko ditu, eragiketa ekonomikoetako "irregulartasunak" direla eta. Epaile instruktore bat izendatu dute horretarako, “susmopean” dauden kontuak ikertu ditzan.
Sozietatearen egungo egoera ere izan zuten hizpide; horien esanetan, sozietatearen ondarea birbaloratu eta gero, "esaten zutena baino 11 miloi euro gutxiago ditu". Adierazi dute iazko kontuek 1.184.921,48 euroko galera izan zutela, "sozietateak aurrez zituen hainbat obligaziori erantzun behar izan zitzaielako". Egun, berriz, 3.726.622 euroko maniobra fondo negatiboa duela jakinarazi dute, "urte haietan hartutako obligazio asko berriro negoziatu zirelako, zordunak epaitegietara eraman direlako eta beste hainbat maniobra zuzen egin dituelako". Hartutako erabaki horien bidez Azkoitia Lantzen aurrera egiteko moduan dela adierazi zuten, baina haren etorkizuna hirugarrenen esku dagoela berretsi zuten; "enpresa, partikular edo finantza erakunderen batek erreklamazioak eginez gero, eta akordiorik lortu ezean, kiebra egoeran legoke Azkoitia Lantzen, eta ondorioz Azkoitiko Udala".
Honen aurrean, azken bi urtetako EAJren jarrera salatu zuten: "Bilduren udal gobernuak gardentasun osoz azkoitiarrei gai honekiko edozein informazio eman nahi izan dienean, azkar eta oldarkor atera dira gezurretan aritu garela esanez, Azkoitia Lantzenen etorkizuna Bilduren kudeaketaren gaitasunaren esku utzi nahian. Beraiek erantzukizunik ez balute bezala. Egindako akatsak eta kudeaketa kaskarraren ondorioak onartu eta azkoitiarrok kinka larri honetatik ateratzeko elkarlana eskaini beharrean, Bilduri egurra ematera mugatu dira".