Barcinari tartak bota zizkiotenei elkartasuna adierazteko ekintzak egingo dituzte Azkoitian eta Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko aza. 4a, 18:18

AHTaren aurkako protesta gisa 2011. urteko urrian Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari tartak bota zizkioten ekintzaileak hil honetan epaituko dituzte. Hilaren 18an hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Fiskaltzak bost eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra eskatua du lau auzipetuentzat, atentatu delitua leporatuta. Auzipetuekin bat egiten duten herritar batzuk hainbat ekimen antolatu dute datozen egunetarako Azkoitian eta Azpeitian, haiei babesa emateko asmoz. Lortutako dirua haiei emango diete, auziak eragin dizkien gastuei aurre egiteko. Asteazkenean izango da lehenengo ekimena, eta Azpeitiko Sindikatu Zaharrean tartalariek hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan. Hilaren 12an, berriz, epaiketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, Azpeitiko plazan. Azarparem 15ean kontzertuak izango dira Azkoitiko Matadeixen. Satorrak, Gaitze eta Walkmans Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, 22:30eatik aurrera. Azaroaren 16an manifestazio nazionala dago deituta Iruñean, eta auzipetuei elkartasuna adieraztera joateko dei egin die herritarrei. Horrez gain, hilaren 18an, astelehenean, epaiketara joateko autobusa antolatzeko asmoa dutela adierazi dute. Tolosan (Okzitania) 2011ko urriaren 27an egin zuten Pirinioetako komunikazioei buruzko konferentzian bota zizkioten hiru tarta Barcinari, AHTaren proiektua salatzeko; Mugitu! desobedentzia mugimenduak hartu zuen ekintza bere gain. "Segurtasun zaindariek aretotik kanporatu zituzten, besterik gabe, eta ez zen atxiloketarik ezta identifikaziorik izan", gogoratu dute auzipetuekin bat egin dutenek. Hurrengo egunean, ordea, Nafarroako foruzainek atxilotu egin zituzten. Tolosako protestaren berri emateko prentsaurrekoan parte hartu zuen beste lagun bat ere auzipetuta dago. Azkoitiko eta Azpeitiko ekimenen antolatzaileek uste dute "ulergarriak" eta "zilegiak" direla halako "ekintza herrikoiak". "Finean, egitasmo kaltegarriak ezkutatuz inposatu duten proiektu txikitzailearen aurka protesta egiteko bide justua da hori". Izan ere, horien esanetan AHT-a "ekologikoki suntsitzailea" da, eta "ekonomikoki porrot egin du". "Lurra erasotu, energia xahutu, zarata arazo larriak sortu, hiper-mugikotasuna areagotu eta herri txiki nahiz hiri ertatinen kaltetan lurraldea hirigune handitan zentralizatuko duen garraiobide elitista da", adierazi dute. Horien arabera, azpieguta lanetarako "diru kopuru itzelak" gastatu dituzte proiektuaren baitan. Gainera, azken 25 urtetan AHT-aren kostu soziala, ekonomikoa eta ekologikoa "nahita ezkutatzen" aritu direla leporatu diete  agintariei; "agintariengandik sumatzen dugun nagusikeria eta engainuzko jarrera nabarmena du Barcinak". Aldiz, tartalariei ezarri nahi dieten zigorra gehiegizkoa deritzote: "Mendebaldeko inongo herrialdetan ez dago hemen bezalako kriminalizaziorik. Agintariei tartak botatzea lege-hauste arin gisa ebazten da nonahi, eta apenas du ondorio judizialik". Hala, AHT-ren lanak gelditzeko eta auzipetuen kontrako epaiketa bertan behera geratzeko exijitu dute. Gainera, salatu dute "edozein kasutan ere" epaiketa gertakariaren lekuan, Tolosan, egin beharko luketela, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalean; "epaiketa honek injustizia penalaren osagarri guztiak biltzen ditu. Auzitegi Nazionala bezalako salbuespeneko auzitegia erabiltzen dute disidentzia soziala zigortzeko, eta kode penala gero eta zapaltzaileago ezartzen dute, desobedientzia zibila kriminalizatzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide