Pilotaren arlo desberdinetako lagunek agerraldia egin dute gaur
(Ane Olaizola)
Mikel Arregi Ertxin Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidenteari babesa eta elkartasuna adierazteko agerraldia egin dute gaur pilotaren eremu desberdineko dozenaka lagunek, tartean Ertxin berak. 35/02 sumarioan edo Herriko tabernen auzia-n dago zestoarra auzipetua, eta beste 34 lagunekin batera; horrez gain, 26/11 sumarioei dagokion auzian 36 gazte ari dira epaitzen azken egunetan Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta bi epaiketak salatzeko bildu dira Donostian modalitate desberdinetako pilotariak, kazetariak, pilota elkarteak edota epaileak: "Pilota maite dugun gehienok gaude hemen", adierazi du Arritxu Iribar kazetariak.
Besteak beste, han izan dira Oier Mendizabal pilotari profesionala, Reyes Azkoitia Bergara pilota elkarteko ordezkaria, Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea eta Xabier Euzkitze kazetaria, eta joan zen uztailaren 8an eremu desberdinetako eragileek aurkeztutako puntuekin egin dute bat horiek; "epaiketa politiko" gehiago ez ditzatela egin eta "eskandaluzko instrukzio bidegabeetan" oinarritutako epaiketak artxiba ditzatela eskatu du Euzkitzek han bildutakoen izenean. Era berean, prozedura judizialetatik "etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa" desager dadila galdegin dute.
"Elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak" ezarri daitezela aldarrikatu dute, eta bide horretan "aniztasun, adierazpen eta askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe" errespetatu ditzatela eskatu dute.
Joan zen astean hasitako 35/02 eta 26/11 sumarioei dagozkien epaiketek euskal gizartearen aniztasunari "zuzen-zuzen" eragiten diela salatu dute: "Pilota ere aniztasun horren isla izanik, gu ere erasotuak sentitzen gara. Garbi daukagu epaiketa hauek ideia guztien defentsarako eskubideen urraketa nabaria izateaz gain, Euskal Herri zabalean behingoz aro berri bat zabaltzeko dauden aukeren aurkakoak direla".
Bi epaiketek politikoki nahiz juridikoki "inolako zentzurik" ez dutela kritikatu du kazetari azpeitiarrak. Honen arabera, auzi horiek "normalatasun politikoa" urrunarazten du: "Gure herriko gizarte zein kultur jarduna baldintzatzen du, eta gure kirolaren, kasu honetan Gipuzkoako pilotaren garapena kaltetzen dute".