Auzokonposta gunea Azkoitian, liburutegi atzean
(Azkoitiko Udala)
Azkoitian duela urtebete jarri zuten auzokonposta martxan. Liburutegi atzeko guneko auzokonpostak "emaitza onak" izan dituela eta, ekimena herrian zabaltzea erabaki du Azkoitiko Udalak; hala, Ipintza auzoan eta Bizkargi plazaren atzealdean gune bana jarriko dute, eta herritarrei dei egin die parte hartu dezaten. "Urtebeteko esperientzia honek argi erakutsi digu auzokonpostaren onurak, eta onura horiek zabaldu eta Azkoitia konprometituago baten alde egitera animatzen ditu udalak herritarrak", berretsi dute. Izena eman nahi duenak udaletxera (943-85 71 72) edo Urola Erdiko Mankomunitatera (943-85 73 19) telefonoetara deitu behar dute.
Udalak adierazi du auzokonpostaren bidez hasierako helburua bete dutela; hondakinak ongarri bihurtu dituzte, eta horren bidez materia organikoa "hondakinen zirkuitotik" atera dute. Hala, garraio eta zabortegiko kostuak ere saihestu dituzte.
Udalak azpimarratu du pertsona bakoitzak 1,6 kilo hondakin sortzen dituela egunero, eta horren %40 hondakin organikoa, konposta sortzeko birzikla daitekeen hondakina, dela azpimarratu du. Auzokonposta egiteko bizilagun bakoitzak bere giltza izaten du, eta honen sistemaren bidez organikoaren ontzia edozein momentutan hustu daitekeela adierazi dute: "Etxean hondakin organikoa traba egiten edo usaina botatzen hasten bada, kuboa konpostaje gunera eraman eta han hustu besterik ez dago".
Usanei dagokienez, adierazi dute arazo hori denborarekin "kontrolatzen" ikasten dela: "Prozesua ondo egiten bada usainik ez dago. Aste batzuetan erabiltzaileek ondo egiten ikasten dute, eta arazoak desagertu egiten dira". Gaineratu dute saguak ez direla agertzen, horretarako neurriak jartzen baitira: "Nahikoa da sare bat jartzea konpostadorearen azpialdean".