Bancp Bizkaia zena, Azkoitiko plazan
(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udaleko Kultura Saileko Merkataritza Zerbitzuak Kale Nagusia: merkatal bizitzara begira dagoen leihoa ideia lehiaketa antolatu du. Kale Nagusian erabilerarik ez duten lokalak sustatu eta apaintzeko asmoz, herritarrek euren proposamenak udalari helaraziko dizkie udalari, eta irabazten dutenek euren proiektua gauzatuko dute, lan artistikoen bidez.
Bigarren aldiz antolatu dute ekimena, baina iaz lokal jabe gutxiegik izena eman zuenez, bertan behera geratu zen. Oraingoan, Kale Nagusian hutsik dauden bost espaziotan gauzatu ahal izango da proiektua. Banco Bizkaia, Unamuno denda, Martiarena inprenta, Yalai gozoki denda eta Alameda taberna zeuden erakusleihoetan garatuko dute proiektua. Irabazleek, gune horiez gain, gehienez beste bost erakusleiho apaintzeko aukera izango du.
Lehiaketaren helburua «bizitasunik ez duten espazioei bizia» ematea da; «izan ere, denbora luze batean merkatal jarduerarik izan ez dutenez, kanpotik itxura zabarra dute». Horrez gain, herriko alde historikoari «duintasuna» eman nahi diote.
Udalak dagoeneko argitaratu ditu ideia lehiaketaren oinarriak, eta herritarrek aurkeztu ditzakete lanak; hamazortzi urtetik gorako pertsona fisiko eta juridikoek hartu dezakete parte, banaka nahiz taldeka. Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du, eta ideia-proiektua garatzeko orduan, lokal bakoitza lantzeko 300 euroko aurrekontua izango du gehienez.
Hainbat irizpide zehaztu dute, beraz, parte hartzaileek honako baldintzak jarraitu beharko dituzte: proiektuak publiko guztiarentzat izan behar du, eduki bortitz, sexista, xenofobo eta baztertzailerik gabea. Itxura erakargarria eta originala izango du, eta proposatutako azpiegitura «erraz erabili eta mantentzekoa» izango da. Horrez gain, adierazi nahi den ideia identifikatzeko elementu berezia edo enblematikoa izango du lanak.
Epea, irailaren 13a bitartean
Irailaren 13ra bitartean aurkeztu daitezke proposamenak, udaletxean, gutun azal itxi batean. Bertan, lehiaketaren izenburua, data eta ezizena jarri behar dira. Barruan, bi gutun azal sartuko dituzte; lehenengoan, izenburua, ezinena eta euskaraz idatzitako proiektua azaldu beharko dute; proiektu bisuala A3 neurrian aukeztu beharko da, eta aurrekontua A4 paperean. Beste gutun azalean, parte hartzaileen datuak azalduko dituzte.
Epaimahaiari dagokionez, bi ordezkari politikok, udaleko bi teknikarik eta Herrixen merkatari elkarteko teknikariak osatuko dute, eta herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz, horiek ere izango dute bozkatzeko aukera; irailaren 20tik 22ra bitartean Torrezuri aretoan jarriko dituzte aurkeztutako ideiak, eta herritarrek gustukoena aukeratu dezaten. Epaimahaiak irailaren 23tik 27ra artean egingo du aukeraketa, eta irabazleak San Andres festetarako gauzatuko du proiektua.
Epaimahaiak, bestetik, honako irizpideak hartuko ditu kontutan: kalitateari dagokionez, diseinua guztientzat egokia izatea, aurkezpen erakargarria eta originala izateak, eta artistikoki zorrotza izateak gehienez 40 puntu izango ditu; modu bisualean aurkeztutako proiektuak 30 puntu balioko ditu; era berean, epaimahaiak kalitate artistikoa eta teknikoa ere kontutan hartuko ditu; hala nola, lanari buruzko irudiak edota collageak aurkeztea. Horrek bost puntu izango ditu gehienez; azkenik, herritarren botoek gehienez 25 puntu izango ditu. Oinarriak eta lokalen argazkiak www.azkoitikoudala.info helbidean edo udaletxean eskuratu daitezke.