Urrategi Alberdi ogasun zinegotzia, Pello Bastarrika alkatea eta Esther Lizarralde alkateordea, gaur, prentsaurrekoan.
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udal Gobernuak Azkoitia Lantzen-en egoeraren inguruan hartutako neurrien emaitzen berri eman du. Joan den azaroan Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten sozietate publikoak duen ondarearen balorazioa egin zezala; era berean, aholkularitza enpresa bati agindu zioten kontuak ikuskatu eta egoeraren diagnostikoa egin zezala, "bideragarritasun plana martxan jartzeko". Bi lan horiek amaituta daude dagoeneko, eta Pello Bastarrika alkateak eta Azkoitia Lantzen-eko lehendakariak ondorioen berri eman du. Aldundiak egin zuen balorazioaren arabera, Azkoitia Lantzen-ek 9.024.382 euroko ondarea du egun, duela hiru urte baloratu zutena baino 11.000.000 euro gutxiago, hain zuzen ere. Izan ere, 2010ean egin zuten balorazioak erakundeak 20.632.775,31 euroko balioa zuela jaso zuen.
Bastarrikaren arabera, gainera, Azkoitia Lantzen-en kontuetan agertzen ez ziren 8.248.250 euroko "bete beharreko konpromisoak" ditu erakundeak: "Orain arte kontuan hartu gabe zeuden horiek". Txostenak jasotzen dueenz, Azkoitia Lantzen-en programazioa "hasieratik hondatzailea" zen. "Ia ondare osoa higiezinen alorrerako, eta bereziki etxebizitzen eraikuntzarako eskuratu zuten orduko arduradun politikoek". Etxeak eraiki eta "plusbalia" lortzeko helburuarekin, "lur mordoa" erosi zuten aurreko legealdian, "orduko etxebizitzen eskaria kontutan hartu gabe". Salerosketa horietan "bestelako konpromisoak" hartu zituztela gaineratu dute; "orain bete beharreko konpromisoak".
Aholkularitzak, bestetik, ondorioztatu du 3.726.622,8 euroko maniobra fondo negatiboa duela eta iaz 1.184.921,48 euroko galera izan zuela: "Kontutan izan behar da galera kopuru hori orain atera dela argitara, baina berez ez dira iazkoak bakarrik, aurretik pilatutakoak baizik". Diagnostikoak, gainera, Elkarguneko eta Ugarte-Igara igerilekuetako kudeaketan "irregulartasunak" aurkitu ditu.
Hori guztia hala izanik, udal gobernuak adierazi du auditoreek, udal teknikariek eta aldundiko teknikariek neurriak hartu ditzaten "aholkatu" dietela; udalak hurrengo ostegunean osoko bilkura egingo du, eta han dira onartzekoak neurriok.