Alokairu sozialeko etxebizitzak egitekoak diren eremua, Floreagan
(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko alkate Pello Bastarrika Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuorde Covadonga Solagurenekin eta Etxebizitza zuzendari Ignacio Basañezekin elkartu da, Azkoitiko Floreaga auzoan egitekoak diren alokairu sozialeko etxeen proiektuaren etorkizuna argitzeko asmoz. Izan ere, 2007. urtean Teklan alokairu sozialeko 33 etxebizitza egiteko proiektua onartu zuen Jaurlaritzak, baina udalak argitu duenez, ekainaren 20an Jaurlaritzak udalari jakinarazi zion eraikitze litzentziari uko egiten ziola.
Hori hala, udalak Jaurlaritzari eskatu dio proiektua ez dezala bertan behera utzi, herritarrentzat «oso garrantzitsua» delako eta alokairu sozialeko etxebizitzen «premia handia» dagoelako. Udalak nabarmendu du garaiotan babes sozialak «lehentasuna» izan behar duela, eta norabide horretan lan egin dezan eskatu dio Jaurlaritzari. Izan ere, gogoratu du lanean hasteko hango eskola eta lokalak hustu eta bertan bizi ziren bi familia atera behar izan zituztela. «Orain geldirik egoteak ez du zentzurik», uste du udalak.
Jaurlaritzak lizentziarekin aurrera egiteko asmoa duela adierazi diola dio udalak, baina Etxebizitza Saileko «lehentasunak aztertzen» ari dela. «Hurrengo urteko aurrekontuen arabera», lehentasunen zerrenda bat egingo du Jaurlaritzak udazkenean, eta orduan emango dio udalari erabakiaren berri.
Horretarako, herriko etxebizitza beharraren inguruko informazioa bidal dezala eskatu dio alkateari.
Proiektua lehenestea
Floreagako alokairu sozialeko etxeen egitasmoa «lehenbailehen» abiatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta ,horretarako, «bere esku dagoen guztia» egingo duela agindu du. «Jaurlaritzaren erabakiaren gainean egongo gara, eta behar diren bilera guztiak egingo ditugu Azkoitiko proiektuak lehentasuna izaten jarrai dezan». Udalak nabarmendu du etxebizitza eskubidea «herritar guztiei» bermatu behar zaiela. «Eta alokairu sozialeko etxebizitzak eskubide hori bermatzeko behar-beharrezkoak dira». Beraz, Jaurlaritzari galdegin dio «herritarren babes soziala bestelako azpiegituren gainetik» lehenestea, eta aurrekontuetan horrek isla izan dezan eskatu du. «Hori egitea ezinbestekoa izango da alokairu sozialeko etxeen proiektuak aurrera ateratzeko».