Andramariak
Udarekin batera, festa usaina nabaria da inguruan. Azkoitiko Andramari festetarako hilabete baino gehiago falta da, baina dagoeneko hasita daude prestaketa lanetan. Kartel lehiaketako oinarriak argitaratu ondoren, andramarien inguruko galdeketa bat zabaldu du udalak herrian. Azkoitiarrek iritzia eman ahalko dute, iazko festen balorazioa eta egitarauaren inguruko ekarpenak egin, uztailaren 10era bitartean. Azkoitiko Udalaren webgunean —www.azkoitikoudala.info— erantzun ahal izango da galdeketa, eta kiroldegian, liburutegian edota udaletxeko harrera gelan kutxak jarriko dituzte.
Esther Lizarralde zinegotziak berretsi du «festa herrikoian» sinesten duela Azkoitiko Udalak. «Azkoitiarrek parte hartu, bizi eta gozatzeko moduko festak nahi ditugu», adierazi du. Hala, legealdia hasi zutenetik herriko talde eta herritarren «esku hartzea» lortzen ahalegindu direla adierazi du. Ahalegin horretan abiatu dute festen inguruko galdetegia, eta Azkoitiko eragileen «parte hartzea indartzeko» bilera bat egingo dutela aurreratu du. Hurrengo asteazkenean, uztailaren 10ean, elkartuko dira eragileak eta udal ordezkariak, 18:30ean, Elkargunean.
Aurtengo festei dagokienez, gazteei eta haurrei zuzendutako ekintzak indartu nahi ditu udalak, eta horretarako gurasoak eta gazteen parte hartzea bilatuko dutela aurreratu dute. «Adin guztietara zabaldu nahi dugu festa, eta hori guztia nola egin aztertzen ari gara. Beraz, guztiak animatzen ditugu galdetegi hori bete eta iritzia ematera».
Film labur lehiaketa, indartuta
Lizarraldek aurreratu du aurten festetan ekintza berriak txertatu nahi dituztela, eta egun finkatuta daudenak indartzeko asmoa dute. Horietako bat da Film Laburren Lehiaketa. Hirugarren aldiz antolatu dute ekimena, baina aurtengoak berrikuntzak izango ditu. Orain arte ez bezala, udalak izendatutako epaimahai batek erabakiko du saridun nagusia. Bigarren saria ere emango dute, eta hura publikoaren esku egongo da. Aurreko urteetan bezala, abuztuaren 15ean emango dituzte aurkeztutako filmak, eta bertaratzen direnek eman ahal izango dute botoa.
Sariak ere handiagoak izango dira. Lehenengoa 600 eurokoa izango da. Publikoarena, berriz, 200 eurokoa. Arte, zine eta informazio munduan aritzen direnek osatuko dute epaimahaia. Parte hartzea handitzeko asmoz, gainera, deialdia inguruko herrietara ere zabalduko dute aurten.
Aurkeztutako lanek honako gaia jorratu beharko dute: zurrumurruak. «Gurea bezalako herrietan indar handia dute zurrumurruek, jardunak, paolak... Udalak antolatu berri dituen ikastaroetan ere ikusi ahal izan dugu zer nolako indarra eta eragina izan dezaketen. Jardutea erraza da, eta jardunaren ondorioak askotan arriskutsuak». Zurrumurruak ikuspegi zabaletik jorratu ditzakete herritarrek: «Ertz ugari ditu gaiak, eta guztiak landu eta irudikatzea, hortxe jarri dugu erronka». Hala, parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Lehiaketaren oinarria kaleratu dituzte dagoeneko. Bi eta bost minutu artean iraun beharko dute filmek, eta formatu digitalean egin beharko dituzte. Hau da, DVD, CD eta ordenagailuek irakur ditzaketen formatuetan. Euskarazko lanak izango dira, jatorrizkoak eta inon saritu gabekoak.
Abuztuaren 6ra bitartean dute horretarako epea. Udaletxean aurkeztu beharko dira lanak,
Kultura Sailean. «Gutxieneko kalitatea» bermatzen ez bada, ordea, epaimahaiak saririk ez ematea erabaki dezake. Edukiari dagokionez, gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dira onartuko. Are gehiago, bi irizpide horiek sustatzen dituzten lanak bereziki baloratuko dituzte.
Bestetik, kartel lehiaketan parte hartzeko epea uztailaren 10ean amaituko da. Lizarraldek jakinarazi duenez, dagoeneko herritar batzuk ari dira horretan lanean. Parte-hartzaileek 2013ko Andramari jaiak jorratu beharko dituzte.