Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiak Azkoitia Lantzen sozietate publikoaren ikuskaritza egin du, eta udalak dagoeneko jaso du haren ebazpena. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, 2010eko kudeaketan "irregulartasunak" izan zirela onartu du kontu auzitegiak, eta adierazi du "arau ez betetze eta salbuespen kasu batzuk" aipatu dituela txostenak. "Kontu auzitegiaren ustez, Azkoitia Lantzenen 2010eko kontuek ez dituzten jasotzen sozietate publikoaren konpromiso ekonomiko eta betebeharrak. Horrez gain, txosten horrek udalak egindako alegazio guztiak ez ditu jaso; batzuk bakarrik hartu ditu aintzat, eta horren zergatia ere jakin nahi dugu, prozedura hori ez baita ohikoa izaten", adierazi du Bilduk.
Udalak joan zen asteazkenean jaso zuen txostena, eta hango teknikari eta abokatuak edukia oraindik "ondo eta sakon" ari dira aztertzen, "behar bezalako ondorioak atera eta dagozkion neurriak hartzeko". Izan ere, ebazpenaren balorazioa egin aurretik adituek txostena ondo aztertu dezaten nahi dute; "zuhurtziaz eta arduraz jokatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, gai delikatua eta garrantzitsua delako".
Dena den, EAJren "jarrera" salatu du Bilduk; "harrigarritzat" jo du txostena udalera iritsi baino lehenago 2007tik 2011ra bitartean Azkoitiko alkate izan zen Asier Aranbarrik Efe Espainiako albiste agentziari balorazioa egitea: "Ehun orritik gorako txostena udaleko abokatuek irakurri eta aztertu aurretik Aranbarrik dagoeneko balorazioa egin zuen", azaldu dute.
Aranbarrik eta Mikel Zubizarreta udaleko EAJko bozeramaileak sinatutako gutuna argitaratu zuen El Diario Vasco egunkariak, eta haiek bestelako irakurketa bat egin zuten ebazpenaren inguruan; horien arabera, "Azkoitia Lantzenek 2010ean behar bezala bete zuen jarduera ekonomiko finantziarioa". Bilduren ustez, ordea, jeltzaleek egindako "kudeaketa okerraren ondorioz" dago egun erakundea "egoera larrian". Hori hala, "arduraz" jokatu dezaten eskatu diote alderdiari: "interes partidistak eta arinkeriak alde batera utzi eta euren ardura onartu beharko lukete, jakin badakitelako egoera larri honen erantzuleak eurek direla".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide