Asteartero ordubeteko irteerak egingo dituzte
(Banaiz Bagara Elkartea)
Banaiz Bagara elkarteak bi egitasmo antolatu ditu datozen asteetarako; batetik, aurreko urteetan bezala, udako programa prestatu du, eta aurten euskarazko ibilaldiak egingo dituzte. Bertan, Azkoitiko inguruetako txokoak ezagutuko dituzte astean behin egingo duten irteeraren bidez, eta bertaratzen direnek euskaraz hitz egiteko tartea izango dute: "hiztegi berria bat eta lantzeko aukera izango dute, eta batez ere, bertako jende euskaldun gehiago ezagutu ahal izango dute, udako aireaz disfrutatzen dugun bitartean".
Bihar hasiko dute udako programa, eta abuztuaren 6ra bitartean iraungo du. Asteartero joango dira paseoan, eta herrian, mendira edota parkeetara joango dira oinez. Irteerek ordubeteko iraupena izango dute, eta 11:00etan abiatuko dira, Elkargunetik. Antolatzaileek adierazi dute parte hartzea doakoa eta irekia dela, eta esan du interesa duten guztiak daudela gonbidatuta: "euskaraz zerbait dakitenek, urtean zehar euskara ikasi dutenek, mintzalagunek, euskaldun zaharrek, eta euskara maila txikiagoa duten lagunekin hizkuntza partekatu nahi dutenek hartu dezakete parte". Egitasmo honez gain, elkarteak adierazi du bestelako ekimenak ere egiten dituztela, eta horiek ere herritar guztientzat daudela zabalik; besteak beste, kirola, dantza eta kantu saioak edota jolasak eskaintzen dituzte.
Cricketa ezagutzeko tailerra
Horietako bat elkarteak Urtxintxa ikastetxearen laguntzarekin ostiralerako antolatu duen cricket tailerra; herritarrek kirol hori "euskaraz ezagutu" eta praktikatzeko saioa egingo dute ostiralean, jatorri desberdinetako hiru monitoren eskutik. "Ikusle izatetik, guk geu saltsa horretan sartu gaitezen eta Azkoitiko komunitate pakistandarri horrenbeste liluratzen dion kirola praktikatzeko aukera izango dute herritarrek", adierazi du elkartea. Heldu eta gaztetxoei zuzendu diete egitasmoa, eta bertan parte hartu dezaten dei egin die. Ostiralean, 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da kirol hori ezagutzeko tailer irekia, Oteiza frontoietan. Parte hartzea doakoa izango da.
Banaiz Bagarak jakinarazi du ekimen honek baduela bere parekidea Katalunian, eta emaitza "positiboak" izan dituela azpimarratu du: "Kirol hau praktikatzeak jatorri desberdinetako pertsonak elkarrekin ezagutzeko aukera ematen du; bestetik, parte hartzaileek katalana praktikatu eta cricketaren hiztegia hizkuntza honetaz ezagutu dezakete".