Azkoitiko atez atekoa EZ Bosgarren edukiontzia BAI plataformak sinadura bilketaren behin betiko emaitzak eman ditu. Notaritzak balioztatu ondoren, jakinarazi du herrian 3.547 sinadura bildu dituela hondakinak kudeatzeko sistema horren aurka. Iaz herrian erroldatuta zeuden adin nagusikoen —8.587 azkoitiar— %40,7k egin dute plataformaren helburuarekin bat.
Sinaduren inguruko irakurketa egin du plataformak, eta «oso positibotzat» jo ditu iaz abiatutako kanpainaren emaitzak. «Herritarrek argi esan dute atez ateko sistemarik ez dutela nahi herrian, eta bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten dutela». Horien arabera, herrian «sentsibilizazio kanpaina sendoa» egitea beharrezkoa da sistema horren bidez Azkoitiko birziklatze tasak igotzeko.
Atez atekoaren aurkako taldeko kideak gaur goizean dira bildutako sinadurak udaletxera eraman eta erregistratzekoak. «Udalaren erantzunaren zain geratuko gara, baina prest gaude hitz egiteko». Dena den, Azkoitiko Udalari, hondakinen kudeaketaren inguruan norabide berria hartzea erabakitzen badu, taldearen emaitzak kontuan har ditzala eskatu diote. «Hondakinen lan taldean ateratzen dituzten ondorioak ez ezik, gureak ere aintzat hartu beharko lituzke». Horrez gain, ez du baztertzen lantaldearen hurrengo saiora eramatea eskaerak.
Atez atekoa EZ Bosgarren edukiontzia BAI plataforma aurreko urtean sortu zen, eta beste hainbat herritan hondakinak kudeatzeko modu horren aurka sortutako taldeek egin zuten bezala, herritarren sinadurak biltzeari ekin zion taldeak.
«Bermerik gabeko» ereduak
Gipuzkoako Zero Zaborrek, bere aldetik, «bermerik gabeko» ereduen inguru jarrera plazaratu du. Gogoratu du «hipotesietan oinarritutako esperimentu berriak» ezartzeko asmoa duela zenbait udalek. Eredu horiek ez dutela «eraginkorrak» izateko «inolako bermerik» dio Zero Zaborrek. «Emaitza ona ematen duela frogatzen ez duen sistema batekin helburua beteko dela esatea kea saltzea da». Taldearentzat «kezkagarria» da «zenbait herritako politikariek irtenbideari muzin nola egiten dioten ikustea». «%60 edo%80 gaika biltzeko helburua adostu, eta akordioan zehaztutako gauza bakarra, helburu hori erdiestea bermatzen duela erakutsi duen bilketa sistema bakarra baztertzea izan da». Gipuzkoako hainbat herritan ezarri duten atez atekoak «arrakasta» izan duela dio. Zero Zaborren ustez, eredu hori «eraginkorra, erosoa, garbia eta merkeena» da.