Lantaldea, ados jartzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko eka. 7a, 08:00

Hondakin lan taldearen saioa, herenegun.
(Ane Olaizola) Azkoitiko hondakinen lantaldea ados jartzeko atarian da. Dagoeneko jaso du informazio zehatza, eta taldean parte hartu duten herritarrek, eragileek eta ordezkari politikoek gaiaren inguruko hamaika kontuz hausnartzeko aukera izan dute azken hilabeteetan. Besteak beste, Gipuzkoako Hondakinen Plana, hainbat bilketa eredu, eta datu ekonomikoak aztertu dituzte zenbait adituen eskutik. nformazio teknikoa jasotzeaz gain, Azkoitiak hondakinen kudeaketaren inguruan hartu dezakeen bideaz eztabaidatu dute dozenaka lagunek, eta horren guztiaren emaitza izango da hilaren 19an egitekoa duten saioa. Hondakinen kudeaketaren inguruko hainbat neurri proposatuko du taldeak orduan. Herenegun egin zuten saioan adostu beharreko neurrien gainean eztabaidatu zuten, eta bileran parte hartu zutenek erabaki zuten lantaldearen azken bileran honako gaien inguruko ondorioak aterako dituztela: Azkoitirako gutxieneko birziklatze tasa, horretarako epea, eta zehaztutako helburuetara iristeko euren ustez eraginkorrena izango den sistema. Zenbait proposamenen ondotik, hiru gai horietan behintzat ados jarri behar dutela irizten diote kideek. Ingurumen teknikari Amaia Argaratek gogoratu zuenez, lan taldean proposatutako neurriak «kontuan» izango ditu udalak, «eman beharreko pausoak ematerako orduan». Ohi baino herritar gutxiago izan ziren azken aurreko lan saioan, eta ordezkari politikoen artetik Bildu eta Azkoitia Bai koalizioetako zinegotziek hartu zuten parte. Azkoitia Baiko bozeramaile Julen Garatek aurreratu zuen ordezkatzen duen alderdiak proposatuko duela herriak gutxienez %70eko birziklatze tasara iritsi behar duela. «Frogatuta dago borondatezko bilketa sistemak ez duela funtzionatzen». Dena den, sistema berri bat ezartzeko orduan herritarren onarpena ere kontuan izan behar dela uste du. Azkoitian, tasa altuenak Azkoitiko hondakinen kudeaketaren datu ekonomikoak plazaratu zituzten bilkuran. Iaz 1.137.578 euroko gastua izan zuen udalak hondakinak kudeatzeko; Argaratek jakinarazi zuen aurrekontu osoaren %9 inguru bideratu ohi duela udalak arlo horretara. Oraindik orain defizitarioa bada ere, gastuaren estaldura altua dela argitu zuen teknikariak; %85ekoa zen defizitaren estaldura iaz. Bailarako herrietan baino zenbateko altuagoa du Azkoitiak, eta horren arrazoietako bat da tasak beste herrietan baino altuagoak direla. Udalak jakinarazi zuenez, Azkoitia da hondakinen inguruko tasa altuenak dituen Gipuzkoako herria. Jon Kortajarena Garbitaniako kideak adierazi zuen etxebizitza bakoitzak 170,62 euro ordaindu zuela iaz tasa honengatik. Garbitaniak Urola Erdian atez ateko bilketa sistemaren bideragarritasun ekonomiko eta teknikoaren inguruko azterketa aurkeztu zion iaz Udal Elkarteari, eta txosten hura aurkeztu zuen Kortajarenak. Haren arabera, atez ateko bilketarekin errefusa hiru aldiz gutxiago sortuko litzateke bailaran, eta tratatzeko kostua murriztuko litzateke hala. Kortajarenak gogoratu zuen errefusaren tratamendua «asko» garestitu dela: 1998an tonako 20 euro ordaintzen bazen, iaz 140 euro ordaintzen zen. «Horrek zuzeneko eragina du udal eta mankomunitateen gastuetan; aldi berean, herritarrek ere nabarituko lukete». Atez atekoak, gainera, Europako Legebiltzarrak onartutako araudia errespetatuko lukeela gaineratu zuen: «Urola Erdian ezarriz gero, urtean 2.833 tona errefusa sortzea aurreikusi dugu. Beraz, Europaren neurriak beteko lirateke». Sarrerak gora, gastuak behera Atez atekoa ezarriz gero, hasieran hainbat inbertsio egin beharko litzateke: «Dirua behar da halako sistema bat jartzeko». Ontziak eta kamioiak erosi, langile gehiago kontratatu, eta ekarpen eta larrialdi guneak jarri beharko lirateke. Egungo eta atez ateko sistema alderatuta, Garbitaniak egindako azterketak ondorioztatu du bigarren sistema «ekonomikoki bideragarria» izango litzatekela. Kortajarenaren arabera, diru sarrerak igo egingo lirateke, eta kudeaketa 2.500.000 euroko kostatzetik 1.960.000 euro kostatzera igaroko litzateke. Azterketa Urola Erdiko Udal Elkartea osatzen duten udalerrietako datuetan oinarrituta egin dute; Azpeitiak behintzat erabaki du atez atekorik ez duela ezarriko, eta beraz, datuok «eguneratzea» ezinbestekotzat jo zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide