Rafa Crespo antropologoak itxiko ditu jardunaldiak
Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak etorkinen inguruko zurrumurruei aurre egiteko abian jarri duen egitasmoaren azken saioa izango da gaur, 18:00etan, Elkargunean. Azken hilabeteetan tailerretan parte hartu dutenek herrian sortutako aurreiritzien inguruan informazioa jasotzeko aukera izan dute, eta gaurko saioan zurrumurruak kudeatzeko estrategia komunikatiboak eta emozionalak landuko dituzte, Bartzelonako Xarxa Antirumors taldeko kide Rafa Crespo Uberoren eskutik. Erakundeen, eragileen eta norbanakoen sare bat sortu zuten duela lau urte inguru Kataluniako hiriburuan, bizikidetzaren inguruan pausoak emateko. Katalunian «esanguratsuenak» diren zurrumurruak identifikatu ondoren, haiek gezurtatzeko datuak bildu dituzte azken urteetan, eta haietatik abiatuta formazio praktikoa eskaini diete mila lagun ingururi. Aldi berean, sare bat eratu dute, eta hura osatzen dutenek hamaika ekintza gauzatu dituzte. Beraz, proiektuaren emaitzak «positiboak» direla aipatu du Crespok, besteak beste «ekintza populistak desaktibatzea ahalbidetu duelako».
Antropologo eta historialariaren ustez, zurrumurruak alboratzeko lanak taldekoa izan behar du. «Zabalduta dauden zurrumurruak bere kasara ekidin nahi baditu norbaitek, emaitza oso mugatua izango du; ez da izango eraginkorra. Aldiz, talde eta mugimendu baten barruan baldin bagaude, seguruago sentituko gara aurreiritziei aurre egiterako garaian. Katalunian ez ezik, Euskal Herrian ere baditugu adibide praktikoak, eta horiek erakusten dute zurrumurruei aurre egiteko modua badagoela».
Tailerra praktikoa izango dela aurreratu du udalak, eta bi zati izango ditu. Batetik, «zurrumurruen birusek» gizartean nola eragiten duten azalduko du antropologoak. Hala nola, estereotipoen, aurreiritzien, zurrumurruen eta desberdintasun sozioekonomikoen arteko harremanaz eta dimentsio politikoaz arituko da. Bigarren zatian, berriz, bizikidetza bermatzeko eta etorkinen inguruko usteak ekiditeko tresnak izango ditu hizpide. «Sarean lan egitea, proaktiboa izatea, datuak eta arrazoiak biltzea, empatia izatea, eta bestea konbentzitzea baino, eztabaida eta zalantzak sortzea garrantzitsuak dira», adierazi du Crespok. Zurrumurruak amaitzeko, «sentitu, pentsatu eta jardun» eskema du jarraibide. «Zurrumurruak entzutean sentimenduarekin erantzun nahi izaten dugu, baina beste erreminta garrantzitsua zurrumurruen inguruko galderak egin eta ezbaian jartzea da, kontrastatu ahal izateko». Lan hori guztia «prozesu baten menpean» egonik, emaitzak ere pixkanaka etorri ohi direla adierazi du. «Zurrumurruen birusarena aspaldiko kontua da, baina historiak erakusten du lana egiten bada aurreiritzi mingarrienak errotik ezaba daitezkeela». Zurrumurrugutxi batzuen gainean lan egitea proposatu du, hala.
Ezezaguna ezagutu
Crespores ustez, krisi sozioekonomikoaren eraginez etorkinen inguruko aurreiritziak hazi egiten dira, baina globalizazioak ere badu zerikusia. «Atzerritik bizilagun berriak etortzeak segurtasun eza eragiten die askori, eta etorkinak egoera ekonomiko txarraren erruduntzat jotzen dituzte». Ezagutza edo informazio ezak zurrumurruak elikatzen dituela uste du, eta, hain zuzen, gaurkoa bezalako egitasmoak «ezezaguna dena ezagutarazteko» bidea izan beharko lukeela nabarmendu du. «Zurrumurruen kontrako ekintzek elkar ezagutzen ez duten herritarren arteko harremanak erraztea dute helburu».
Esperientzia praktikoak izango dira saioaren oinarria, baina egitasmoa ez da gaurko saioarekin amaituko. Herritarrek jasotako informazioa praktikan jartzeko abiapuntua izango da tailerra: «Aurrerantzean martxan jarri ahalko dituzten ekintzak proposatuko ditugu».