Udaberriko doinuak Santa Kutzen

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 3a, 13:54

Santa Kutzeko komentuan izango dira kontzertuak
(Irene Elorza) Udaberriarekin batera prestatzen dute Azkoitiko Musikaldia Santa Kutzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Sailak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean antolatu dute hogeita hirugarren aldiz, herrian musika entzuteko aukera handiagoa egon dadin. «Udaberriko Musikaldia aukera paregabea da euskal interpreteek euren lana aditzera emateko, eta musikazaleek herrietan musikaz gozatzeko», azaldu dute Aldundiko ordezkariek. Antolatzaileen arabera, «maila goreneko musikariak» izango dira zikloan, musika instrumentalaren eta ahots-musikaren jarraitzaileen gozagarri.
Musika zikloan parte hartuko dutenen artean, Aldaxka taldeko Itziar Beitia piano-jotzaile azkoitiarra izango da, besteak beste. Musikazaleek astebururo izango dute hitzordua hango komentuan. Biharko kontzertuak Bihar izango da lehenengo emanaldia, Poloniako Elblag-eko Ganbara Orkestraren eskutik, Marek Mosen zuzendaritzapean. Bakarlari gisa, berriz, Iñaki Alberdi soinu-jotzailea arituko da, eta Grazyna Bacewiczen, Astor Piazzollaren eta Piotr Ilitch Tchaïkovskiren obrak eskainiko dituzte. Maiatzaren 11an, berriz, Bi arreba ikuskizuna taularatuko dute Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak eta Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak. Frederic Chopin pianistak eta Frantzisko Petrirena Xenpelar bertsolariak hainbat antzekotasun dituzte, eta horietako batean oinarritu dira bi artistak saioa aurrera eramateko. Chopin eta Xenpelar euren arrebek zaindu zituzten gaixo egon zirenean, eta bizitzako azken hilabeteetan oinarritutako kontakizuna da ikuskizuna. Musika, bertsoak eta bat-batekotasuna uztartzen ditu.
Musika klasikoarekin jarraituko badute ere, oso bestelako ikuskizuna izango da maiatzaren 18koa. Josu Okiñena piano-jotzaileak Johann Sebastian Bach, Jose Antonio de Donostia eta Manuel de Fallaren piezak eskainiko ditu. Eta Itziar Beitia azkoitiarrak itxi- ko du musikaldia. Beitiak, Miren Urbieta sopranoak eta Jone Bolibar klarinete-jotzaileak osatzen dute Aldaxka hirukotea, eta Louis Spohr, Jesus Guridi eta Franz Schubert konpositoreen doinuak eskainiko ditu maiatzaren 25ean.
Kontzertu guztiak Santa Kutz komentuan izango dira, 18:30ean, doan.   Egitaraua
  • MAIATZAK 4, BIHAR
18:30. Elblag-eko Ganbara Orkestra eta Inãki Alberdi soinu-jotzailea.
  • MAIATZAK 11, LARUNBATA
18:30. Bi arreba ikuskizuna, Xabier Lizaso eta Andoni Egañarekin.
  • MAIATZAK 18, LARUNBATA
18:30. Josu Okinẽ na piano jo- tzailea.
  • MAIATZAK 25, LARUNBATA
18:30. Aldaxka taldea, Miren Urbieta (sopranoa) Jone Boli- var (klarinetea) eta Itziar Beitia (pianoa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide