«Orain arte egin dugun antzezlanik irekiena da ‘Biba zorrixen izurritie!’»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko api. 26a, 15:33

Egurrola, goian eskubian
(Abarka taldea) Abarka konpainiak Biba zorrixen izurritie! antzezlana taularatuko du bihar, Baztartxo antzokian, 20:00etan. Joseba Sarrionandia idazlearen Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako ipuin sortan oinarritutako antzezlana sortu du Markina-Xemeingo taldeak, Ander Lipus antzerkigilearen zuzendaritzapean. Konpainiako aktore Luis Egurrolak (Markina-Xemein, 1972) Urola Kostako Hitzarekin hitz egin du biharko saioaz. Zer kontatzen du antzezlanak? Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuan dago oinarrituta. Teatralizazioa taldeko kideok eta gure zuzendari Ander Lipusek egin dugu. Bakoitzak liburuaren irakurketa bana egin genuen, eta ipuin batzuk aukeratu genituen, ondoren landu eta antzerkira eramateko, koherentzia bilatuz. Beraz, Sarrionandiaren ipuinak kolore askotakoak dira, eta kontatu egingo ditugu, ikusleak horien inguruan barre egin eta hausnar dezan. Sarrionandiaren liburua gaika jarritako ipuinez dago osatuta. Eredu horri jarraitu al diozue? Testu originalarekiko fidela al da? Testua nahiko fidela da, baina moldaketa batzuk egin ditugu. Ipuin asko, ordea, liburuan datozen moduan kontatzen ditugu. Ipuin horiek antzerkira eramateak izan du benetako lana; nola eraman taula gainera, nola antzeztu eta zer formatu eman... Hor dago desafioa. Zuen antzezlanaz gain, igandean, Idazlea zeu zara umeentzako obra eskainiko dute Matadeixen. Biak dira testu bakar batean oinarritutakoak. Ezagutzen al duzu? Aktoreak ezagutzen ditugu, eta oso gustuko ditugu. Hala ere, ez dut ikusi antzezlan hori. Ipuin batzuk berak dira, baina adierazteko eta taularatzeko moduak oso ezberdinak dira. Zuen antzezlana soilik helduei zuzenduta al dago? Publiko guztiari zuzendu nahi izan diogu. Ipuin batzuk oso dinamikoak eta espresiboak dira, eta umeek ere ulertuko dituzte. Beste batzuk, ordea, sakonagoak dira. Orain arte egin dugun obrarik irekiena dela esango nuke. Talde amateurra zarete, ezta? Bai. Duela sei urte batu ginen, Ander Lipusek eman zigun ikastaro baten ondotik. Talde amateurra gara, eta hori da gure filosofia. Taldea kopuruz aldatu egiten da, obraren arabera. Batzutan, 15 lagunek osatzen dugu; obra honetan, berriz, 10 aktore eta bi musikari gaude. Ander Lipus da obrako zuzendaria. Nolakoa da harekin lan egitea? Gozamen hutsa da. Batzutan gogorra ere bada, oso zorrotza delako. Dena den, lanean beste dimentsio batera eramaten gaitu. Norberaren pertsonaia eraikitzeko ekarpen asko egiten dizkigu; plazer handia da. Ez du antzerki konbentzionala egiten, eta zentzu horretan oso gustura gaude. Lehenengo aldiz Gipuzkoan izango zarete. Zer espero duzue? Guretzako gauza berria da. Gainera, markinarrez hitz egiten dugu obra ia guztian. Beraz, beste esperientzia bat izango da Azkoitikoa. Markinan 400 pertsona etorri ziren ikustera, eta Aulestian ere goraino bete genuen. Ez dakigu, beraz, Azkoitikoak nolako erantzuna izango duen. Nolako kritikak jaso ditu obrak? Berria-n oso kritika ona egin digute. Gainera, ez da oso ohikoa talde amateur bati kritika bat egitea, eta guretzako oso pozgarria da hori. Dena den, guretzat garrantzitsuena ikusleek nola erreakzionatzen duten ikustea da. Jendeari igartzen zaio gustatu zaion edo ez. Hain zuzen, jendeak ondo pasatzea eta disfrutatzea eta iritziak jasotzea da gure helburua. Orain arte, jendea pozik geratu da, eta gu ere halaxe gaude lanak izan duen harrerarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide