Kontsumo taldeko kideak, atzo
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Baratzan Dantzan kontsumo taldea martxan da dagoeneko, eta herriko 17 familik barazkiz osatutako otarrak astero jasotzen dituzte. Oraingoz, "eguraldiak laguntzen duen einean" urtaro bakoitzeko barazkiz osatutako saskiak jaso dituzte, eta hala jarraituko dutela adierazi du taldeak: "Aurten elurra lagun izan dugunez, pentsa baino gehiago luzatu zaigu ilarra edo letxugak sartzen hasteko epea. Hala ere, arrautzen, intxaurren eta ogien banaketa astero egiten jarraitzen dugu", esan zuten taldeak atzo egin zuen prentsaurrekoan. Dena den, taldeak jakinarazi duenez, produktu berriak lortzeko ahaleginetan dabil kontsumo taldea, eta datorren hiletik aurrera oilaskoa, haragia, gazta edota jogurta banatzen hasteko asmoa dute. "Gertutasuna, ekoizteko modua eta baserritarren jarrera eta motibazioa dira ditugun irizpideak produktu berriak aukeratzeko orduan".
Horrez gain, taldearen erronketako bat da 25 familietara iristea, eta ekimenarekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak. "Helburua baserrien etorkizuna bermatzea da, eta ezinbestekoa ikusten dugu herritarrok bertoko elokagaiak kontsumitzeko ahalegina egitea". Azkoitiko Bieta baserriko nekazari Iñaki Oñederrak ekoizten dizkie barazkiak, eta astelehenero jasotzen dituzte otarrak, berdura plazan, 18:30ean. Otarra bakoitzak 15 euroko prezioa du, eta taldeak adierazi du familien artean erdibana egiteko aukera ere badagoela.
Era berean, auzolanerako lantaldea ere osatu dute, baserritarrarekin "harremana sendotzeko asmoz". "Modu honetan guztiok sentitzen gara baratzeko eginbeharren arduradun eta partaide", diote. Taldearen helburua herrian "elikadura burujabetzarantz" pausoa ematea denez, horretarako iniziatibak martxan jartzeko beste lantaldea ere osatu dute. Kontsumo taldera batzeko edota informazio gehiago jasotzeko 619-50 30 84 telefonora deitu edo baratzandantzan@gmail.com helbidera idatzi daiteke.