Mailu Irizar, Naroa Olalde eta Karmen Irizar
(Ane Olaizola)
Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko euskara aztertu du. Datu kuantitatiboetatik harago, kualitatiboak hartu ditu kontuan. Oro har, herriko euskara «osasuntsu» dagoen arren, hutsuneak asko direla nabarmendu dute Naroa Olaldek (Azkoitia, 1979), Karmen Irizarrek (Azkoitia, 1973) eta Mailu Irizarrek (Antzuola, 1965). Bihar aurkeztuko dute lana. Hasiera batean Elkargunean ziren aurkeztekoa, 19:30ean, baina kultur etxean egingo dute, 20:00etatik 21:30era.
Euskarari dagokionez, osasuntsu al dago Azkoitia?
Naroa Olalde: Orokorrean, osasuntsu dago. Eztabaida taldeetan parte hartu dutenen pertzeptzioa izan da Azkoitia euskararen harnasgunea dela, gehienek etxean eta kalean euskaraz egiten dutelako. Datuak kuantitatiboki aztertuz, azkoitiarren %79 euskaldunak direla ikusi dugu, ikastetxetan guztiek D eredua eskaintzen dutela, herritarren %60en ama hizkuntza euskara dela, euskara elkartea badagoela, eta bi biziberritze plan daudela. Datuotan oinarrituta, euskara osasuntsu dagoela esan dezakegu, baina nolako hiztunak garen aztertzen badugu, hutsuneak daude. Etxetik eta lagunartetik harago, gaztelaniara jotzeko joera dagoela ikusi dugu.
Mailu Irizar: Jendea ez da gehiegi jabetzen horretaz, eta hori da kezkagarriena. Ez gara kontziente, esaterako, euskarazko kultur kontsumoa jaisten ari dela.
Zerk eraman zaituzte azterketa egitera?
M.I.: Kezka horrek, hain zuzen. Guztiek diote Azkoitia herri erabat euskalduna dela. Egia da, baina konturatu ginen badaudela datu batzuk euskaldun bati ez dagozkienak. Esaterako, liburutegitik maileguan hartutako liburu gehienak gaztelaniazkoak dira. Umetan ez, baina heltzen garenean hori gertatzen da. Gazteek, D ereduko hezkuntza amaitu dute, baina euskarazko prentsaren salmenda ez da igo. Euskal musika ere apenas entzuten da. Datuokin kezkatuta hasi ginen ikertzen.
Zein izan da ikertze prozesua?
M.I.: Herritarrei iritzia galdetu behar geniela argi genuen. Datu kuantitatiboak baino, kualitatiboak nahi genituen. Bi bide erabili ditugu horretarako. Batetik, 18 urtetik gorakoekin zortzi eztabaida talde egin ditugu. Horietatik lau etxean euskaraz ikasi zutenek osatu zituzten, eta besteak etxean gaztelaniaz ikasi zutenek. Lau adin taldetan banatu genituen horiek. Bi larunbatetan elkartu ginen, eta tertulia moduan egin genituen saioak, aurrez prestatutako gidoi batekin. Ezagutza maila, erabilera eta hizkuntzarekiko jarrera izan genituen hizpide. Beste bidea 16 eta 18 urte bitarteko Urola Ikastolako ikasleekin egin genuena izan zen. Inkesta bat pasa genien, eta aurreko puntuen inguruan galdetu genien. Kultur produkzioaz galderak ere egin genizkien. Bi bideetatik jasotako datuak Txepetxen teorian oinarrituta aztertu ditugu.
Gazteen eta helduen errealitatea desberdina al da euskararen erabilerari dagokionean?
N.O.: Etxean euskara jaso dutenen artean erabilera antzekoa da. Gazteek, gero, gaitasun handiagoa dute euskaraz irakurtzeko eta idazteko, hala alfabetatu direlako. Baina lan mundura salto egiten dutenean, hutsuneak daude zenbaitetan. 30 urtetik gorakoen artean, berriz, denetik dago. Hor ikusten da, esaterako, ikasketak gaztelaniaz egin dituen batek hizkuntza horretan idazteko joera duela. Azkenengo adin tarteari, 60 urtetik gorakoenari, dagokionez, etxean euskara jaso dutenen artean kontzientziaren eta militantziaren kontua asko bizi dute. Guztiek aipatu dute euskarazko prentsa kontzientziagatik erosten dutela. Frankismoan bizi izateak eragina izan zezakeen.
M.I.: Orain, erlaxatu egin garela uste dut. Leku guztietan egin dezakegu euskaraz, eta horrek azken belaunaldien artean kontzientzia murriztea eragin du.
Gazte ia guztiek ibilbide naturala eta kulturala euskaraz egin dute, baina horien artean ere hutsuneak aurkitu dituzue. Zerk eman dizue atentzioa?
N.O.: Kultura produktuen ezagutzaz galdetu genienean, sortzaileen zerrenda bat jarri genien, ezagutzen dituzten jakiteko. Atzerriko artista gehienak ezagutzen dituzte, baina euskaldunen kasuan, ezagutza dezente jaisten zen. Kirmen Uribe, esaterako, %18k soilik ezagutzen dute. Harrigarria da. Horrez gain, trasmisioan ere zerbaitek huts egin du. Izan ere, Anari ezagutzen dute, baina Jotakie taldea ez. Ikastetxeetatik landu beharko litzateke.
Zeri zor zaio hutsune hori?
M.I.: Literaturari dagokionez, Selektibitatean gaztelerazko egileak sartzen direlako, eta euskarazkoak ez. Euskarazko Curriculuma ez dago gaztelaniazkoa bezain ondo definituta. Musikan, berriz, hedabideek indar handia dute horretan. Euskal Curriculumean kontzienteki prestatu behar da euskal sorkuntzaren inguruko gutxieneko ezagutza.
N.O.: Beste kontua jarrerena da. Nahikoa da erdaldun bat etortzea gazteleraz hitz egiten hasteko, errespetuaren diskurtsoa erabiliz. Badira landu beharreko kontuak, noizbait gure jarrerak aldatu nahi baditugu.
Kezkatzeko moduko ondorioak al dira?
M.I.: Kontzientzia falta da kezkatzen gaituena. Sintomon aurka zerbait egin behar dugu, gaixotasun bihurtu baino lehen. Jendearentzat ez dira sintoma, ziur aski ez dutelako hortan pentsatu.
N.O.: Euskararen erabileran ez dagoela egiteko gehiagorik pentsatzea arriskutsua da.
Lanketak hortaz jabetzeko balio al du?
Karmen Irizar: Ikerketak berak segurunik ez, jende jakin batengana iritsiko delako. Gai honekin kezkatuta edo euskalgintzan gabiltzanok aurrerantzean egin beharreko egitasmoak beste planteamendu batekin egitea ekarriko du. Aurrerantzean, norentzako eta zer helbururekin izango diren pentsatuz hasiko gara lanean. Egitasmoak aurrera egiten duten heinean lortuko dugu jendea ohartaraztea hizkuntz kontuan ere badugula zer eginik.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
K.I.: Egungo egoeran mantentzea atzera egitea izango litzateke. Hizkuntzaren inguruko medio batzuen diskurtso biktimistaren aurrean, guk erantzuteko eta sortzeko gaitasunik ez badugu, pixkanaka atzera egingo dugu. Gutxieneko kontzientzia egon badago, baina ez dugu horri erantzuteko gaitasunik. Hizkuntz komunitate gisa zer gertatzen zaigun eta egungo egoera ulertzea falta zaigu. Aurrera egiteko tresnak behar ditugu; hortan hasi beharko genuke lanean.