Azkoitian Auzoko programa jarriko dute martxan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 22a, 15:09

Aitor Arruti Maxixatzen Euskara Elkarteko kidea, Tere Aldalur dinamizatzailea, Urrategi Alberdi Udaleko Aniztasun zinegotzia eta Aitor Oiarzabal Udaleko Aniztasun Saileko teknikaria
(Ane Olaizola) Azken egunetan Azkoitiko kaleetan hainbat kartel agertu dira, munduko hizkuntza desberdinen inguruan. Izan ere, Udalak Auzoko egitasmoa jarriko du abian herrian, "euskaratik urrun bizi direnak euskarara hurbildu daitezen". Tere Aldalur da bertako dinamizatzailea, eta honek adierazi du egun 24 hizkuntza hitz egiten direla herrian; hala, herritarrak Azkoitiko hizkuntz aniztasunaz jabetu daitezen, Auzotarrak, euskaraz dakitenak, Auzokidekin, "euskaratik urrun daudenekin", elkartuko dira, eta guztien artean harreman sarea osatuko dute. Auzokoren lagun taldea martxoaren 4an osatuko dute. Lehenengo bilera egingo dute Elkargunean, 18:00etatik 20:00etara bitartean, eta orduan elkartuko dira Auzotarrak eta Auzokideak. Astelehenetan bilduko da taldea, eta "modu ludikoan" solasaldiak egingo dituzte; "Auzokideak euskarara hurbiltzeko lagun talde bat izando da", adierazi du Aldalurrek. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek bilerara agertu edota aldez aurretik lortu dezake informazioa, Aniztasun Sailarekin harremanetan jarriz (943-08 00 80 edo aitor@azkoitia.net) edo aldalur80@gmail.com helbidera idatziz. Auzokok herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera: "herritarrak elkar ezagutu, elkarren berri izan eta gure herriaren kultura aniztasunaz gozatzeko modu paregabea izango da". Antolatzaileek azkoitiarren jakin-mina pizteko asmoz jarri dituzte kartelak herrian, eta horrekin batera munduko hizkuntza desberdinen inguruko hiztegitxoak kaleratu dituzte, eta horiek kalean, ikastetxeetan eta zenbat gune publikotan banatuko dituzte. Horrekin batera, lehiaketa bat jarriko dute abian. Herritarrek honako galdera erantzun beharko dute: Zenbat hizkuntza hitz egiten dira munduan? Erantzunak jasotzeko kutxak jarriko dituzte Elkargunean eta ikastetxetan, eta datorren aste osoan izango dute horretarako aukera. Irabazleari sari bat emango diote gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide