Joan zen astean Azkoitiko Martirieta auzoan izan zen luiziak GI-3172 errepidea eraman duela baieztatu du Azkoitiko Udalak; "lur eta zuhaitz ugari pilatu da lur jausiaren ondorioz, eta goikaldetik ikusi dugu zulo handi bat dagoela errepidea zegoen lekuan", adierazi du Inaxio Gorosabelek, Azkoitiko Udaleko zinegotziak. Hori hala izanik, bidea konpontzeko lanek "luze" joko dutela jakinarazi du Gorosabelek; dena den, oraindik ez dute zehaztu datarik, baina "hilabetetako lana" izango dela aurreratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eramango ditu lanak aurrera, eta lehenengo pausoa ur hornidura desbideratzea izango da; "ura desbideratzen bada, lurra lehortu egingo da, eta orduan ikusi ahal izango dute lurrak zenbateraino eraman duen bidea". Izan ere, lokatza ez da desagertuko hezetasuna baldin badago. Gainera, zinegotziak adierazi du oraindik orain lurra goitik behera mugitzen ari dela.
Martirietako biztanleen egunerokotasuna bermatzeko, ordea, behin behieneko bi bide alternatibo zabalduko dituzte. Aldundia dagoeneko hasi da horretarako lanean, eta udalak adierazi du bere helburua dela bideak "ahal bezain azkar" irekitzea; joan zen ostiralean ekin zieten bidea egokitzeari, eta larunbatean ere jardun zuten horretan. "Ahalik eta bide zabalenak egingo ditugu, autoak eta kamioi txikiak pasa daitezen". Bide bat Olotzatik gora irekiko dute, eta hori auzoaren goikaldera iritsiko da; bestea, berriz, Ipintza auzotik egokituko dute, auzoaren behekaldera. Udalak astearen amaierarako irekita egotea aurreikusi du.
Momentuz, ordea, Martirietara joan-etorrian ibiltzeko Aizpurutxoko bide bat egokitu dute, eta auzotarrei herrigunera joateko eta auzora itzultzeko zerbitzua ematen die udalak, lur orotako ibilgailu baten bidez. Luiziaren eraginez kaltetuta dauden 78 bizilagunen beharrei erantzuteko asmoz jarri dute martxan zerbitzua; hala nola, umeak egunero ikastetxeetara eramateko erabiliko dute.