Herritarrek udalen jardueretan parte hartu dezaten hausnartu dute eskualdeko lau udalerrik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 5a, 14:12

Gipuzkoako 48 udalerrik hartu dute parte egitasmoan
(Gipuzkoako Foru Aldundia) Azkoitiko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako udalerriek herritarrek udalen eguneroko jardueretan nola parte hartu dezaketen aztertu dute. Herritarren parte hartzea sakontzeko  eman beharreko "urratsak" jorratu dituzte, hain zuzen ere. Horretarako azken urtean izandako bizipena hartu dute kontutan, eta partaideta "sistematizatzeko" udalerri bakoitzak dituen "beharrak" izango dituzte oinarri aurrera begira. Udalek izaten duten funtzionamendua aintzat hartuz, "partaidetza sistema diseinatu, sistematizatu eta arautzea" dute helburu ekimenaren bidez. Eskualdeko lau udalerrik Gipuzkoako beste 44 udalekin batera hausnartu dute prozesuaren inguruan, Herritarrekin sarearen baitan. Egitasmoko ordezkarien ustez, parte hartzeak "iraunkorra" eta "integrala" izan behar du; "herrien beharrei erantzungo diena, balioetan oinarritutakoa, gertukoa eta ulergarria izan behar du", berretsi dute. Zentzu horretan, herritarrek udal erabakietan hitza izan dezaten "ateak zabalik" izatea beharrezkotzat jo dute. Udalek adierazi dute parte hartzearen inguruko "kontzientzia" zabaldu egin dela azkenaldian; era berean, udalak herritarrengana gerturatzen ari direla uste dute, eta horretarako "pauso gehiago" emateko konpromisoa hartu dute. Parte hartzea aztertzeko hainbat gai jorratu dituzte; hala nola, demokrazia ordezkatzailea jorratu dute, eta horren baitan informazioaren kudeaketa edota herri batzarrak izan dituzte hizpide; demokrazia parte hartzaileari dagokionez, aurrekontu parte hartzaileak, prozesu zehatzak eta batzordeen funtzionamendua aztertu dute; demokrazia zuzena ere izan dute hizpide. Aldundiaren arabera, bakoitzaren "indarguneak" eta "ahulguneak" identifikatu dituzte etorkizunean eman beharreko pausuak eman ditzaten; "landu beharreko komunikazioa, koordinazioa, udalen esku-hartzea, langileen inplikazioa, partaidetzarako egiturak eta beharrezko baliabideak landu dira". Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herrialdeko 48 udalerrik  hartu dute parte topaketetan, eta bakoitzaren beharretatik abiatzeko, herrien tamainaren arabera egin dituzte hausnarketak. Herritarrekin sarea Aldundiak eta udalek osatzen dute; duela urtebete sortu zuten, "herritarren partaidetzan sakontzeko eta sustatzeko helburuz". Aldundiaren arabera, egitasmoaren eraginez 130 partaidetza esperientzia gauzatu dira azken urtean. "Partaidetzak gora egin du nabarmen. Izan ere, aurreko legegintzaldian 30 esperientzia egiten lagundu zituen Aldundiak".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide