Azken hilabeteetan taldea osatzeko bileretan izan ostean, martxan da dagoeneko Azkoitiko Kontsumo Taldea. Oraingoz hamahiru familia batu dira ekimenera, bertako sustatzailea eta kidea den Aintzira Oñederrak jakinarazi duenez. Kontsumitzaileei barazkiak ekoiztuko dizkien baserritarra ere lotu dute, eta otarren bidez hurrengo hiletik aurrera funtzionatuko du kontsumo taldeak.
Azkoitiko Bieta baserriko Iñaki Oñederra izango da taldeko ekoizlea, eta joan zen ostiralean adostu zituzten kontsumitzaileek eta ekoizleak bakoitzak bete beharreko konpromisoak. Taldeak hala nahi bezala, modu ekologikoan ekoiztuko du Oñederrak, eta garaian garaiko produktuak jasoko dituzte ekimenean parte hartzen dutenek gero. «Oñederrak animaliak eta baratza txiki bat du bere baserrian, eta ekoizteko modua ekologikoa du, guk hala eskatu bezala. Momentuz ez du asko ekoizten, eta beraz, guretzako hasiko da horretan. Beraz, uste dugu taldera ondo moldatuko dela», adierazi du taldeko sustatzaileak.
Baserritar bat baino gehiago aurkeztu dira taldera, eta azkenean Oñederra aukeratu dute ekoizle izateko, joan zen abenduan baserrietara bisitak egin ondoren; «beste baserritarrek dagoeneko bezeroak dituzte, eta guretzako hasiko balira ekoizten orain arte egiten zuten moduan egingo lukete beharbada. Iñaki, berriz, guk eskatzen dugun betebeharretara moldatuko dela uste dugu». Oñederraren arabera, «lanean hasteko gogoz» dago baserritarra.
Otsailetik aurrera astero banatuko dituzte otarrak, baina momentuz baserritarrak dituen «soberakinak» jasoko dituzte, eta otsailean hasiko dira saskiekin. Hain zuzen, Azkoitiko Udalak Berdura Plazan duen egoitzetako batean banatuko dituzte otarrak, eta kontsumitzaileen betebeharretako bat izango da horiek jasotzera joatea. Horrez gain, hilero egiten duten bileretara joan beharko dute. Kontsumo taldeak epe laburreko funtzionamendua bermatu dezan, kontsumitzaileek sei hilabetez taldean parte hartzeko konpromisoa zehaztu dute, eta ondoren erabakiko dute aurrera jarraitu edo ez. Onartuz gero, gutxienez urtebetez izango dira taldeko kide. Ekimenera orain batzen direnei, berriz, gutxienez hiru hilabetez irauteko aukera emango diete, «froga gisa».
Guztiek ere taldeko dinamikan parte hartu dezaten, gainera, urtean bina aldiz gutxienez ekoizlearen baserrira bisitak eta auzolanak egingo dituztela jakinarazi du Oñederrak; Basherri taldearen eskutik eraman dute egitasmoa aurrera, eta beraz, baserritarrak formazioa jasoko du, eta Biolurrek jarraipena egingo dio.
Udalak, hasiera batean, taldeari lurrak uzteko aukera zuela adierazi du Oñederrak, azkenean horretarako «zailtasunak» zituela esan bazien ere. «Orduan erabaki genuen aukera errazagoa izango zela lurra zuten baserritarrarekin lanean hastea». Dena den , bitarte horretan lurrik ez duten hainbat herritar hurbildu zaizkie, «ekoizteko gogoarekin». «Ikusi dugu jendea prest dagoela lurra lantzeko, eta gazte asko daudela ekoizteko gogoarekin. Hori aprobetxatuko dugu». Hala, dagoeneko funtzionamendua zehaztuta baldin badute ere, taldeak ez du «inongo biderik ixtea nahi». Beraz, Kontsumo Taldearen asmoa ez da otarrak banatzera mugatuko, eta «nekazaritzari bultzada» ematen jarraituko dute; «Azkoitian lurren inguruan lan bat egingo dugu, baserritarrek zailtasun gutxiagokin merkaturatu ditzaten produktuak». Lan horretan, kontsumitzaileak «sentsibilizatzeko» beharra azpimarratu du Oñederrak, bertako produktuak jaso ditzaten; «hala egin ezean, gure baserritarrei ez diegu lanik emango», ohartarazi du.
Herrian Kontsumo Taldea gauzatzeko ahaleginean, hainbat ekimen egin dituzte azkenaldian; hala nola, hitzaldiak antolatu eta informazioa banatu dute kalean, jendea taldera «erakarri» dezaten. Ekimenek «parte hartze gutxi» izan badute ere, Oñederraren ustez osatu duten taldea «indartsu» dago; «taldera bat egin duenak jarrera oso parte hartzailea du, eta gogoarekin daude martxa hartzeko». Hala, kontsumitzaile izateko interesa duenak badu horretarako aukera oraindik.