Xabier Munibe ikastolan amaitu dituzte konponketa lanak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urt. 10a, 16:13

Jantokian iturgintza instalazioa aldatu dute. (Argazkilaria: Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak azpikontratatuta, konponketa ugari egin ditu Xaxarki enpresak Xabier Munibe ikastolan; azpiegitura lan guztiak gabonetako oporraldian zehar egin dituzte, ikastolaren eguneroko martxan eraginik ez izateko, udalaren arabera. Obrek 81.000 euroko kostua izan dute, eta udaleko zinegotzi Inaxio Gorosabelek adierazi du lanen aurrekontuaren zati bat Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzekin gauzatu dutela. Honen arabera, mantendu lanak egin dituzte batez ere. Hala nola, ikastolako eraikin zaharrean suaren aurkako detektagailuak jarri dituzte. Udalak adierazi du eraikin hori 1979. urtean eraiki zela, eta orduko legeak ez zuela eskatzen suaren aurkako dispositiborik jartzea. Hango irakasle eta ikasleen «segurtasuna bermatzeko» gailu berriak jarri dituzte orain. Horrez gain, ikastolaren jolastokiko arekak konpondu dituzte; «orain arteko kunetak zulo handiegia zuen, eta umeek erortzeko arriskua zuten; horrez gain, ura pilatzen zen bertan», dio Gorosabelek. Hala, aretak estali egin dituzte. Jolastokian bertan beste lau zakarrontzi ere jarri dituzte, orain artekoak apurtuta zeudelako. Era berean, jolastokitik ikastetxera sartzeko atea eta ondoko horma konpondu egin du enpresak. Ikastolan dagoen jangelako sukaldea ere atondu dute: besteak beste, iturgintza instalazioa aldatu egin dute, orain arte zegoena «zaharkituta» eta «kaltetuta» zegoelako. Era berean, lurreko baldosak aldatu dituzte. Azkenik, haurren bainugelak egokitu dituzte, eta hain zuzen, beste komun eta arraska handi bana jarri dituzte, orain arte esertzeko komun bakarra zegoelako eta arraskak «txikiegiak» zirelako. Udalak adierazi du aurten zehaztutako aurrekontuaren arabera egin dituztela lanok, eta egin gabe geratu diren konponketak hurrengo urtean zehar egingo dituztela aurreratu dute; hala nola, jolastokiko sarea konpontzea izango da udalaren hurrengo lanetako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide