Hilero euskarazko antzezlan bat izango da Baztartxo Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urt. 9a, 15:02

Koldarrak Azkoitiko antzerki taldea antzezlan bat egiteko asmoz sortu zen hasiera batean, eta helburu hori lortu dute dagoeneko; herrian ez ezik, inguruan ere Izan bedi emakumea obra taularatu duelako; hasierako helburua lortuta, beraz, haratago joan nahi du orain taldeak, eta hain zuzen, Azkoitian antzerkiarekiko zaletasuna sustatzeko ekimena jarri dute abian; Koldarrak taldeak EAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin bat egin du, eta horien egitasmoak herriratu egingo dituzte; hala, Xirikatzen Kutur Mahaiarekin koordinatuz eta Azkoitiko Udalarekin elkarlanean urtean zehar hilero antzezlan bat antolatuko dute Azkoitian. «Ikusi dugu taldearen zeregina ez dela soilik geuk antzerkia egitea, herrian horren zaletasuna ere piztu nahi dugu, eta horretarako zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Ideia ona iruditu zitzaigun Euskal Herriko Antzerki Zale Elkarteak sortu duen Antzerki Sarera atxikitzea», berretsi du Itziar Eliasek, Koldarrak taldeko kideetako batek. Antzerki Sarea elkarteak sortu duen katalogoa da, eta aurrekontu txikiekin egiten dituzten antzezlanak biltzen ditu, herriz herri antzerkia bultzatzeko helburuarekin; Azkoitiak, beraz, bat egin du egitasmoarekin. «Krisiaren arazoa dela eta, iruditu zitzaigun urte osoan antzerkia programatzeko aukera polita dela». Antolatzaileek, oraingoz, bi antzezlan dituzte lotuta; urtarrilekoa eta otsailekoa. Hil honetakoa bihar bertan izango da, eta Gilkitxaro taldearen 8 begi antzezlana ikusteko aukera izango da Baztartxo antzokian. Galder Perez eta Ane Zabala dira obrako antzezleak, eta umorearen bidez, munduari begiratzeko modu asko daudela aldarrikatu nahi du taldeak. Otsailean, berriz, Lasarteko Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolaren Sahara antzezlana ikusteko aukera izango da. Otsailaren 16an izango da hitzordua, eta saio biak 20:30ean izango dira; «ekitaldi guztiak ordu berean jartzen saiatuko gara, herritarren artean ohitura sortzeko», aurreratu du Eliasek. Halaber, saio guztiak euskaraz izango dira, eta ostiral edo larunbatetan antolatzen ahaleginduko direla aipatu du. «Ea modu honetara herritarrek antzerkiarekin gozatzea lortzen dugun». Sarrerak, berriz, hiru eurotan jarriko dituzte. «Kopurua sinbolikoa izango da, eta dirua Kultur Mahaiaren eta Koldarrak taldearen beharrei aurre egiteko izango da». Koldarrak taldearen arabera, Antzerki Sarea «herritik sortu nahi dute», eta, beraz, herritarrek sortu dezakete EAZEn katalogoa. «Herri ekimenak, antzerki taldeak edota udalak izango dira ekimen hau bultzatzen dutenak». Azkoitiko kasuan, beraz, Koldarrak, Kultur Mahaiaren eta Udalaren bitartez gauzatuko dute; hori hala izanik, lana «guztien artean» egingo dutela adierazi dute antolatzaileek, eta udalaren diruz lagunduko du egitasmoa. Herritarrentzako ez ezik, ekimena antzerki taldeetako kideentzako ere «baliagarria» izango delakoan da Elias; izan ere, talde guztien artean «harremana» bultzatuko dute egitasmoaren bidez, eta emanaldien «truke» bat bultzatu nahi dute; «herri bateko talde bat ekartzen badugu, esperantza izango dugu hurrengoan gu bertara joango garela». Beraz, emanaldien inguruko proposamenak herritarrek ere egin ditzaketela adierazi dute antolatzaileek; «norbait antzezlan bat ikusteko gogoarekin baldin badago, Kultur Mahaiari edo Koldarrak taldeari proposatu diezaioke, guretzat positiboa delako iradokizun hauek herritik jasotzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide