Azkoitiko parrokiko Gazte Pastoraltzak bidezko merkataritzaren denda zabalduko du beste urte batez. Bertan, herrialde pobreetan ekoiztutako produktu ugari dituzte, bitartekaririk gabe, eta ateratako irabaziak “euren garapenerako” izango dira. Datorren astelehenean zabalduko dute denda, Torre Zurin, eta urtarrilaren 4an itxiko dute. Astegunetan, 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era bitartean irekiko dute, eta hilaren 22an, 24an, 29an, eta 31n goizez bakarrik egongo da zabalik. Era berean, igandetan eta jai egunetan itxita egongo da.
Produktuak saltzetik haratago doa, ordea, egitasmoa, eta antolatzaileek “erronka handia” dela adierazi dute; “merkataritza bidezkoa bada, ekoizpena ere halaxe izango da. Lan harremanak etikan eta gizatasunean oinarrituta egotean eta modu ekologikoan ekoiztean datza honek; hau da, produkzio kate osoan parte hartzen duten guztiak errespetatzea eta natura aintzat hartzea du oinarrian bidezko merkataritzak”.
Egitasmoa, “utopiarekin” alderatzen dute antolatzaileek, baina hori gainditzeko prest dira; “diruak lilura eta lotura sortzen du gugan, eta egungo mundua ikusita ezinezkoa dirudi egitasmoa gauzatzea. Hala ere, utopiek norabide zuzena markatzen digute”. Hala, norabide horretan “pausoz pauso” joatera dei egin die herritarrei.
Halaber, egitasmoan diruz laguntzeko aukera ere zabaldu du taldeak; horretarako Euskadiko Kutxan kontu korrontea sortu dute, nahi duenak bere ekarpena egin dezan. Honakoa da zenbakia: 3035-0031-70-0310003056. Antolatzaileek azpimarratu dute herritarren laguntza “garrantzitsua” dela.