Jon Andoni Martin Pegote argazkilariak Natura izeneko liburua kaleratu du, eta izadia ardatz duen 320 argazkiz osatutako lana egin du. «Egunero EITBko eguraldiaren saiora argazkiak bidaltzen ditut, eta azken urte eta erdian argazki horiek pilatzen joan zaizkit. Horiekin eta beste argazki batzukin liburua sortzea pentsatu nuen», adierazi du azkoitiarrak. Argazki bilduma batetik haratago doa, ordea, liburua, eta Aitor Arrutiren testuekin eta Wislawa Szymborskaren poetaren zenbait poemekin osatu du lana Martinek, naturaren inguruko «historia txiki» bat kontatuz.
Argazki gehienak inguruko txokoetan ateratakoak direla adierazi du Martinek, ahal duen bakoitzean horretarako beta hartzen baitu. Hasiera batean argazkiek bata bestearekin harremanik ez duten arren, modu lineal batean kokatu ditu irudiok, liburuak jarraipen bat izan dezan; «egun bat irudikatzen dut, eta liburua egunsentiekin hasi eta ilunabarrekin amaitzen da. Horren baitan, gainera, urtaro guztiak ere islatu nahi izan ditut».
Ateratako argazki guztiak paperezko euskarri batean edukitzea du gustuko azkoitiarrak, eta horregatik erabaki du liburua kaleratzea. Orain arte bezala, Internetez jarri du salgai lana; «ez ditut kopuru masiboan jarriko salgai, baizik eta eskaeraren arabera ekarriko dituzte liburuak». Modu horretara eginik, liburua «garestia» dela jakinarazi du argazkilariak; 200 euro inguru kostatzen du Martinen azken lanak. «Hala ere, kontutan hartu behar da liburuak 400 orri baino gehiago dituela, eta irudiak eta, oro har, liburua kalitate oso onekoak direla». Liburua, hasiera batean, «berarentzako» egin badu ere, naturak eragiten diona besteenganatzeko asmoz ere kaleratu du; «naturak eman didan guztiaren partaide egin nahi ditut herritarrak, eta lan honek eurei ere naturan murgiltzen lagunduko diela espero dut».
Martinen seigarren liburua da Natura, eta aurretik halako lanak egin izan ditu; 2009an, esaterako, Azkoitiko argazkien bilduma osatu zuen, eta aurrera begira ere horretan segitzeko asmoa duela adierazi du.
- Informazio gehiago bildu, liburua ikusi eta erosi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.jonandonimartin.blogspot.com.es