Azkoitiko Banaiz Bagara elkarteak Lana Euskaraz egitasmoa jarri du martxan bigarren urtez, lan munduan euskara normalizatzeko asmoz. Aurten, jatorri desberdinetako zortzi lagunek hartuko dute parte egitasmoan, eta orain arte publikoaren aurrean lan egiteko euskararen oinarrizko baliabideak ikasi dituzte horiek; orain, berriz, ikasi dutena praktikan jartzeko aukera izango dute. Izan ere, proiektuaren bidez lanerako hizkuntza tresnak ikasi dituzte, eta orain ordaindutako praktikak izango dituzte; “bezeroekiko elkarrizketetan laguntzeaz gain, lanaren antolamenduan ere euskaraz arituko dira langileekin, ikaste prozesua praktikoa izan dadin eta errealitatean kokatuta”.
Lau emakumek eta lau gizonezkok osatzen dute taldea, guztiak ere 23 eta 58 urte bitartekoak, eta sei jatorri desberdinekoak dira: Gipuzakoa, Burgos (Espainia), Kolonbia, Maroko, Argentina eta Ekuador. Antolatzaileek adierazi dute guztiak ere aurretik langabezian zirela, eta ez zekiten euskaraz edo “oso maila txikian” zuten. Halaber, dinamizatzaile euskaldun baten laguntza izango dute horiek.
Elkarteak, ordea, adierazi du egitasmoaren helburua ez dela soilik zortzi laguni lanean euskara ikasteko aukera ematea, “euskararen normalizaziorako bide berriak” bilatzea baizik: “Pertsona askok, etxean edo eskolan euskara ikasi ez dutenek edo beste herri batzuetatik lan bila etorri direnek, ezin diete ikaste prozesu akademiko bati jarraitu, hainbat arrazoirengatik. Hala ere, horrek ez du esan nahi borondaterik edo interesik ez dutela lanean eta eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko. Ikaso eta erabiliko zuten, horretarako aukera izango balute”, diote antolatzaileek.
Berria, Katxiporreta, Kontseilua, Argia eta Elkar argitaletxearen laguntza izan dute proiektua gauzatzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu dute. “Proiektu honen bidez, enpresa, elkarte eta erakundeekin kolaborazioarekin euskara lanaren bitartez ikasteko aukera gehiago sortu nahi ditugu, proiektu honetatik abiatuta beste sektoreetara zabalduz”.
Banaiz Bagarak izena aldatu dio egitasmoari, iaz Salmenta Euskaraz baitzen. Hala ere, aurten ere Nik ere euskaraz lanean lelopean salmenta postuak jarriko dituzte Gipuzkoan.