Iban Garate (Azkoitia, 1982) aktore eta aurkezleak TOPera saioa aurkezteari ekin dio; aste honetan hasi da ETB1eko entretenimenduzko programa, eta astelehenetik ostegunera eskainiko dute, 21:00etatik 21:15era bitartean.
Zerren inguruko saioa da?
Euskal Herriko gauza kuriosoen rankinga egiten dugu. Entretenimenduz jantzitako saioa da. Esaterako, lehen saioa bost eskulturarik bitxienen ingurukoa izan zen. Bestea, berriz, Euskal Herriko bost gozorik hoberenena. Gaur, berriz, bizi kalitate altuena duten herrien inguruan ari gara grabatzen. Beste saio bat izango da taberna gehien dituen herriena. Horrez gain, elkarteei buruz eta musikaren inguruko saioak egingo ditugu. Guztiak dira kalean egindakoak, eta kaleko jendeen iritziak jasoko ditugu. Programa bizia da.
Azkoitiak ba al du zerrenda horretan sartzeko moduko bitxikeriarik?
Bai, noski. Ez da zaila asmatzea, gainera: Euskal Herrian pertsona eder eta jator gehien dituen herria da. Kar kar kar. Orain, benetan; uste dut pilota zaletasun gehienetarikoa duen herri bezala agertuko dela Azkoitia. Borroka handia dut erredakzioan horrekin, baina uste dut lortuko dudala.
Eroso sentitzen al zara halako saio batean?
Errazu saioarekin ere kalean asko ibiltzen ginen, euskararen eta esamoldeen inguruan. Beti da zailagoa kalean lan egitea, jendeak prest egon behar du agertzeko, eta euskaldunoi gehiago kostatzen zaigu hori. Baina edozein lekutan aurkitzen dugu jendea azkenean. Lan gehiago eskatzen du kalean egiteak, baina aberasgarriagoa ere badela uste dut; eta martxa hartu dugu dagoeneko.
Antena 3 kateko El Secreto de Puente Viejo telesailean ere bazabiltza. Nola uztartzen dituzu bi lanak?
Ez da erraza. Telesaila astean bitan flimatzen dut, eta Madrilera (Espainia) joan-etorrian nabil. Hala ere, laster amaituko dut Antena 3rekin dudan konpromisoa. Gero lasaiago ibiliko naiz, beraz.
Joan-etorrian ibilita, halako egunetan gogoratzen al zara sanandresekin?
Kuadrila osoa afaltzera joaten denean eta nik hurrengo egunean goizeko seietan lanean hasi behar dudanean gogoratzen naiz. Baina, zer egingo diogu, bada? Hala ere, gaur Eibarrera joatekoak gara, eta han ere badituzte sanandresak. Beraz, txorizo eta talorik jan gabe ez naiz geratuko. Gainera, urtero egin izan dut ahalegin txiki bat San Andres Egunera gerturatzeko, iluntzean bada ere. Eta aurten ere egingo dut, Azkoitian ez bada Eibarren.
Aurrera begira, beste proiekturik ba al duzu?
Beti daude zabalik ate batzuk, baina ez dakigu TOPera-k nolako harrera izango duen ikusleen artean. Momentuz, nahikoa txukun hasi gara. Abendu osoa egingo dugu saioarekin, eta ondo badoa aurrera jarraituko duela uste dut. Hala ere, ezer sinaturik egon arte ezin dugu ezer esan; hori da dugun urrezko araua. Oso mundu aldakorra da, eta sinatu artean ez dugu jakiten proiektua egingo ote dugun. Gauza berrien bila jarraitzen dut, baina momentuz nire lehentasuna TOPera da, Antena 3koa amaitzean; beraz, ea urtarriletik aurrera ere horrekin jarraitzen dugun.
Ai ama! saioak izan zuena baino iraupen luzeagoa izatea espero al duzu?
Ai ama! saioak laupabost hilabete iraun zituen. Horren asmoa ere luzerako izatea zen, baina ez genuen lortu ordu horretan erreferente izatea; 21:00etako ordua beti da oso zaila. Hau programa apalagoa da, eta saioari eustea espero dugu.