Azkoitiko EAJ alderdiak datorren urteko aurrekontuak onartzerako izango dituen irizpideak azaldu ditu, eta hainbat proposamen egin dizkie Udal Gobernuari eta gainontzeko taldeei; EAJk adierazi du udalak “datozen asteetan” ekin beharko diola aurrekontuak onartzeari, eta jeltzaleek azpimarratu dute gizarte politikak eta “ekonomia sustatzen dituzten partidak” izango direla euren “lehentasuna”. Hala, krisi garaian arlo horiek “mantentzea eta sustatzea” du helburu alderdiak.
Honek adierazi du Azkoitiko merkataritza sustatzeko ekintza guztiak “defendatuko” dituela: hala nola, Iraurgi Lantzen eta Loiola Berrikuntzara bideratutako partidak, baita Urola Erdi bailarako udalek garatu duten enplegu plana ere. Era berean, auzo eta baserrien dinamizaziorako planean zehaztutako ekintzak babestuko dituzte.
Bizi kalitatearen inguruan, berriz, irisgarritasuna ardatz duten bi proiekturen alde egingo dutela aurreratu dute; “bere egunean alderdi politiko guztion adostasuna lortu zuen Musika eskola berritzea izango da bat, hau baita irisgarritasuna bermatzen ez duen Azkoitiko udal eraikuntza bakarra”. Zentzu horretan, igogailua jartzea eta sarrera-irteerak hobetzea proposatu dute. Halaber, musika eskolako ikasle kopurua kontutan hartuta, sotoa egokitzea eta bertan ikasgela gehiago jartzea eskatu dute. Horrez gain, Floreaga auzoan irisgarritasuna hobetzeko egitasmoa garatzea “beharrezkoa” dela azpimarratu du EAJk; “jakin badakigu ez dela datorren urtean exekutatuko den obra bat, baina gutxienez bertako bizilagunekin proiektua idatzi daiteke, igogailua jarriz eta espaloien berrituz”.
Jeltzaleek gainontzeko alderdiekin “negoziatzeko” eta “ahal den neurrian” konponbide zehatzak aurkitzeko “prestutasuna” azaldu dute, “beti ere azkoitiarren beharrei erantzun ahal izateko”. Gogoratu dute egitasmo horiek euren programan agertzen direla.