Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XXI. Txapelketa hasiko da etzi, Azkoitian. Lehenengo kanporaketa jokatuko dute Baztartxo antzokian, 17:30ean, eta hamabi bikote lehiatuko dira txapela irabazteko, guztiak ere 19 urte bitartekoak. Horietatik hiru bikote eskualdekoak izango dira; Julen Alonso oriotarra eta Eneritz Aulestia zarauztarra, Ander Beldarrain oriotarra eta Nerea Lertxundi aiarra eta Ane Alberdi aiarra izango dira taula gainean, azken honek Irati Jauregi azkaratearra izango du lagun.
Zaldibiko Udalak eta Koral Elkarteak antolatu dute ekimena, eta parte hartzaileek honako piezak jo beharko dituzte; Bizkaiko Trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Bigarren kanporaketa, berriz, astebetera izango da, Aramaion (Araba); bertako kultur etxean izango dira trikitilariak hilaren 17an, 17:30ean. Hala bi kanporaketetan puntu gehien lortu duten zortzi bikote igaroko dira finalera; Zaldibarren izango da saio hori, abenduaren 2an, Olazar pilotalekuan.
Sariei dagokienez, lehenengo bikoteak 330 euro lortuko ditu, eta bigarrenak, berriz, 265 euro. Hirugarrenari 230 euro banatuko diete. Halaber, gainontzeko zortzi finalistek ere jasoko dute diru-saria. Bizkaiko trikitixa ondoen eskaintzen duten bikoteari trofeo berezia emango diete.
Eskualdea, txapelez beteta
Asko izan dira txapelketa irabazi duten eskualdeko trikitilariak; Azkoitikoek hamar aldiz jaso dute txapela; hala nola, Zabale anaiek, Tomas Berasaluze Epeldek eta Xabier Etxanizek. Aiako Ainara Saizarrek hiru aldiz irabazi du, Etxanizen bikotekide arituta. Monik Valor eta Eider Iraola zestoarrek 2009an irabazi zuten.