Juan Bautista Mendizabalen gutuna Reme Larrañagari buruz.
“Reme Larrañaga hil da, gure kulturaren, euskararen, poesiaren maitale nekaezina. Hain zuzen ere, poesiaren alorrean hainbat poema utzi dizkigu.
Etxahunen bertsoak errezitatzen zituen, Zuberoako herriminaz; hainbeste hunkitzen zuten Lizardirenak Euskal Pizkundeaz; haren leitmotiv izan zen… Ordun belaunikatu nintzen auts gañera. Hark gordetako sua, zu ere hil ote zera?
Margolanen mireslea, Torre Zuri aretoan erakusketa asko bultzatu zituen eta Herrialdeko artista munduarekin harremana mantendu zuen. Bere beste pasioa Azkoitia izan zen, eta herriko etnografia eta ohiturak. Oso gaztetatik, Parrokiarekin konpromisoa agertu zuen, eta ekimen askotan lagundu zuen.
1980an Azkoitiko Kultura Taldearen sortzaileetako bat izan zen, bere beste lagun batzuekin batera. Bertatik oso modu nabarmenean parte hartu zuen Bizenta Mogel ipuin lehiaketa antolatzen, Ignacio Iriarte margo lehiaketan, Aste Santuko prozesioen antolaketan, liburu azokan, artisautza azokan, hitzaldi eta beste hainbat ekimen kulturaletan. Hori guztia, hiru hamarkada baino gehiagoan. Aipamen berezia merezi du euskal musikarekin zuen erlazioak, zeinak Baigorriraino eraman baitzuen Oxobi-renganaino, bere lagun Erramun Martikorenaren lanean sakontzeko. Martikorenak pasarte haiek gogorarazi zizkion duela gutxi bisitatu zuenean…
Laburbilduz, utopia kultural batek markatutako bizitza bat, nolabait bere bizitzari zentzua eman ziona, eta ondare eta testigantza ahaztezinak uzten dizkiguna: Autsa pitinka urratu nuen, beldur bera, Sua bizirik dago! Galduak ez gera. Eskerrik asko Reme eta Egun handira arte!”
———————————-
Reme Larrañagari, Juan Bautista Mendizabali eta Maria Luisa Unanueri HITZAk apirilean egindako erreportajea:
Norbera janzteko, herria jantziz
Herriko hiru gaztek Azkoitiko Kultur Elkartea sortu zuten 1981. urtean. Jakin-minak bultzatuta hasi zuten bidea elkarrekin, eta oraindik bizirik da elkartea, eta bizirik haien jakin-mina ere. Urtean behin Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Azkoitiko Intsaustin egiten zuen batzarra, eta hirurak hantxe izaten ziren, belarriak zorroztuta, kultur doinua zuen oro jasotzeko prest. Aste honetan berriz elkartu dira Intsaustiko hormen artean, HITZA-rekin egoteko. Juan Bautista Mendizabal, Maria Luisa Unanue eta Reme Larrañaga dira. Azkoitiko historia du maiteen aurrenak; musika eta literatura unibertsala bigarrenak; eta poesia eta euskal literatura, hirugarrenak.
Jauregiko eserleku erosoetatik, begirada atzera botatzeko parada izan dute. Baina baita aurrera egitekoa ere: hizketaldia amaitu aurretik, Jean-Jacques Rousseau filosofo frantziarrari buruz ari direla, ideia bat bururatu zaie. Filosofo, idazle eta musikariaren jaiotzaren 300. urteurrena da aurten. Eta hari buruzko jardunaldiren edo ekimenen bat antolatzea otu zaie. Kultur arloan sortzaileak baino, «kudeatzaileak» izan direla zehaztu dute azkoitiarrek, eta ez dute galdu ezaugarri hori. Ideia airean gelditu da, oraingoz. Eta itxuraz. Izan ere, argi dago nork bere etxean buelta bat baino gehiago emango dizkiola gaiari. Emaitzarik emango duen, hurrengo asteetan eta hilabetetan ikusiko da.
Rousseau mundu osoan zehar da ezaguna, noski, baina Azkoitiarekin badu lotura zehatz bat: Manuel Ignacio Altuna y Portu azkoitiarra lagun handia izan zuen. Mendizabalek gogotsu hitz egiten du harreman horri buruz. «Venezian (Italia) ezagutu zuten elkar, musikaren bitartez. Azkoitira etortzeko asmoa zuen Rousseauk, eta hala jakinarazi zuen Las confesiones bere azken lanean». Lan horretan Altuna y Porturen argazki bat eta hari buruzko aipamena azaltzen direla gaineratu du Unanuek.
Amets bakarra: Azkoitia
Hiru hamarkada atzera egin behar da Azkoitiko Kultur Elkartearen sorrera ezagutzeko. Unanuek, Larrañagak eta Mendizabalek idatzi egiten zuten, eta horrek gerturatu zituen, Unanuek kontatu duenez. «Remek poesia idazten zuen, eta Juanbak eta biok ere zenbait artikulu argitaratu ohi genuen prentsa idatzian, Juanbak historiari buruz eta nik musika eta literaturari buruz». Larrañagak ez du ahaztu nola elkartzen ziren herriari eta kulturari buruz hitz egiteko. «Gogoan ditut Plaza Berriko zuhaitz azpietan izandako berriketaldiak, udako gau epeletan. Han hasi ginen». 1980. urtea zen. Eta Larrañagarentzat, gau haietan «amets bakarra» zuten: Azkoitia. Buruarekin baietz egiten dute beste biek. «Garai hartan ez zegoen ezer, programazio kulturalari dagokionez hutsunea osoa zen», dio Unanuek.
Hor zeuden gaztetxea, hor zeuden rock eta punk musika taldeak eta beste kultur adierazpen batzuk, baina haiek beste bide bati heldu zioten. «Kultura klasikorantz jo genuen. Gazte-gazteak ginen, eta hori ez zen ohikoa», Unanuerentzat. Bere ustez herrian «arraro» begiratzen zieten, eta «segada» txikiren bat ere pairatu zuten. Hala dio Unanuek, barrezka: «Ez al zarete gogoratzen Kakaflash irratitik deitu zigutenean? Ederra sartu ziguten!». Hala ere, beti errespetatu dituztela sentitu dute hirurek.
Garaiko beste gazteak eta eurak desberdinak zirela argi gelditu da Larrañagak bere lehen gaupasa deskribatu duenean: «San Inazio jaien bezpera batean izan zen. 07:00ak arte jardun genuen Unamunoren eta Barojaren lanak errezitatzen, Loiolako lorategian, xanpaina edanez».
1980-1981 urteetan kultur elkartearen bitartez kultur ekimenak antolatzen hasi ziren. Hasieran hirurak, gero hogeitik gora bildu ziren elkartean, eta ekimenak antolatzeko «jende askoren laguntza» jasotzen zutela oroitzen dute. Haiei esker suspertu zen Aste Santuko prozesioa; beraiek sortu zuten Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa; baita Ignazio Iriarte Margo Lehiaketa ere. Bizenta Mogel lehiaketak, gainera, 30 urte bete ditu aurten. Margo lehiaketak bat gehiago. Mendizabalentzat «meritu handia» du bi lehiaketa horiek antolatzeak urte bat ere huts egin gabe. Larrañagak, berriz, gogoratu du euskal literaturan «prestigio handia» duten idazleek hartu izan dutela parte lehiaketan; besteak beste, Felipe Juaristi, Josu Waliño eta Pako Aristi aipatu ditu.
Orain 30 urtera atzera eginez, «tradizioak berreskuratzea» izan zen hirukotearen lehen lana. Musutruk. Poltsikotik sosak jarriz askotan. Alde batera eta bestera mugituz, bazterrak nahastuz, jendeari mesedeak eta laguntza eskatuz. Jende gehiago mobilizatuz. Argazki zaharren erakusteak, konferentziak, gazteentzako kontzertuak, Aste Santuko prozesioa, Gabonetan eliz atarian jaiotza, andramarietan euskal diskoen eta liburuen eta artisauen azoka… «Udalak ikusi zuen zer gauza egiten genituen, eta musutruk egiten genituela, Azkoitiagatik. Hala, diru-laguntza ematen hasi zen gure ekimenen gastuak ordaintzeko», dio Unanuek. Larrañagak jarraitu du: «Gogoan dut orduko alkate Ramonek [Unanue] nola esan zigun handizaleak izateko. Orduan ez zegoen kultur Sailik udalean, eta gero herriak ere bere babesa eskaini zigun». Antzinako argazkiekin udaletxean jarritako erakusketa, esaterako, arrakastatsua izan zen. «Santi Benitok, esaterako, argazki zahar batean bere amaren aurpegia ikusi ahal izan zuen. Artean igogailurik ez udaletxean, eta aulkian hartuta igo zuten. Hala ezagutu zuen ama, eta negarrez esan zigun hil aurretik poz hori eman geniola», diote Larrañagak eta Mendizabalek.
Hiru lagunek kontatu dutenez, 1980eko hamarkada hasiera hartan gabeziak handiak ziren. Besteak beste, sortu gabea zen Musika Eskola; ez zegoen erakusketa aretorik; eta prozesioa ere desagertzear zen. Herrian udalaren programazioa aberasten joan ahala, kultur elkartea ekimenak alde batera uzten joan zen. «Ez zuen zentzurik guk lan hura egiten jarraitzeak». Musika Eskola sortu zenean, esaterako, kultur elkarteak «bere bidea egiten utzi zion», eta arlo horretan egin ohi zituen ekimen batzuk bertan behera utzi zituzten. «Gure lana zentzuzkoa izan zen hasiera hartan, hutsune handi hura zegoen garaian», nabarmendu dute Unanuek eta Mendizabalek. «Guk bidea jarri genuen udaletan oraindik kultura antolatu gabe zegoen garaian, eta orain horrek bere martxa hartu duenez, urteroko hiruzpalau ekimenekin jarraitzen dugu guk».
Ekimen horietako bat da Aste Santuko prozesioa. Ia galtzear zen tradizioa berreskuratu zuten. Baina Mendizabalek gauzak argi utzi nahi ditu: «Gu prozesioekin ez ginen hasi prozesioa bera antolatzeko, irudiak berreskuratzeko hasi ginen lan horretan. Buruan sartu zitzaigun Floreaga Zaharrean herriko museoa jarri behar genuela, eta horregatik hasi ginen prozesioko irudiak biltzen eta berritzen». 1980an hiru irudirekin bakarrik egin zen prozesioa herrian; hurrengo urtean, hamahirurekin. Larrañagak, Unanuek eta Mendizabalek herritarrak mobilizatu zituzten irudiak konpontzeko, haiek margotzeko, baita prozesioa antolatzeko dirua biltzeko ere. «Etxez etxe eskatu genuen dirua», diote. Herriko drogeria batean jaso zutena gogoratzean, barre algaraka hasi dira hirurak: «Dendari batek zer emango, eta plastikozko belarritako berde fosforito batzuk!».
Eman bai, jaso ere bai
Azkoitiko kulturaren alde bereziki kudeaketa lanak egin ditu hirukoteak. Herriari zerbitzu garrantzitsua eskaini diote. Baina jaso ere, asko jaso dute. Nor bere jakin-mina asetzeko elkartu ziren, eta zentzu horretan aberastasun handia jaso dutela sentitzen dute hirurek.
Mendizabalen ustez bi pertsona aipatu behar dira, eta harekin bat datoz Unanue eta Larrañaga: Juan Inazio Uria eta Javier Bello Portu dira. Uria Azkoitiko alkate eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakari ohia da. Bello Portu, berriz, orkestra zuzendaria eta musikagilea, eta Uriaren laguna. «Babes handia eman ziguten garai hartan», dio Mendizabalek. «Zorte handia izan zen Uria ezagutzea, eta Bello Portuk euskal kulturari buruz izugarri zekien», gaineratu du Larrañagak. Eta Unanuek jarraitu du: «Guk jakin-min handia genuen, eta haiek ate asko zabaldu zizkiguten jakin-min hori asetzeko bidean».
«Orain hitz egitea dugu gustuko, baina garai hartan entzutea, eta asko ikasi genuen», azaldu du Mendizabalek. Eta hizlari bikainen konpainiaz gozatzeko aukera izan zuten, dudarik gabe: Julio Caro Baroja antropologoa, historialaria eta hizkuntzalaria, JOxemiel Barandiaran antropologo eta etnografoa, Pio Baroja idazlea, besteren artean, ezagutu zituzten, Uriaren eta Bello Porturen eskutik gehienbat. «Oso barojiano bihurtu ginen», gogoratzen du Mendizabalek. «Garai hartan asko mirestu genuen pertsona izan zen; eduki genuen inguruagatik ere bai». Are gehiago, historialari, idazle eta musikari haietako batzuekin gertuko harremanak izan zituzten. Caro Barojaren etxeko sukaldean behin baino gehiagotan egondakoak dira, esaterako. Larrañaga Erramun Martikorena abeslariaren etxeko baratzean «atxurrarekin azak sartzen» ibilitakoa ere bada, barrez gogoratu duenez.
50 urteak oraintsu pasatuak dituzte hirurek, eta kulturari estuki lotuta jarraitzen dute: Larrañagak euskal literaturaren inguruan, Unanuek musikari lotuta eta Javier Bello Portu Fundazioan, eta Mendizabalek herriko historiarekin. Hain zuzen ere, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide da martxoaren 17tik. Onarpen ekimenean izan ziren bere bi lagunak, eta biek nabarmendu dute zenbat merezi zuen toki hori. Bere adiskideei entzutean, begiak busti egin zaizkio Mendizabali.
Lagun-minak izan arren, mundua ez dute modu berean ikusten hirurek. Gaur egun Azkoitiko egoera kulturala nolakoa den galdetuta, esaterako, iritzi kontrajarriak dituzte. Baikorrena Mendizabal da: «Sortzaile ugari eta oso onak daude» herrian. Hala ere, sortzaileak nor bere aldetik dabiltzala uste du; batasun falta dagoela uste du, taldelanik ez dagoela, nahiz eta Matadeixe aipatu duen sortzaileen guneetako bat bezala. Unanuerentzat, berriz, herrian «ez dago aukera handirik». Berak kanpora jotzen du kulturaz blaitzera, «Donostiara edo Frantzia aldera». Hirurak bat datoz, hala ere, zenbait arlotan: lehengo garaiek ez dute oraingoekin zerikusirik, eta orain gazteek dena eskura dute. Larrañagak ñabardura garrantzitsua gehitu du: «Dena dute, eta ez dute ezer».