Alvaro Idarraga (Manizales, Kolonbia, 1962) Kolonbiako Instituto Mayor Campesino Gobernuz Kanpoko Erakundeko kidea da. Itziar Arkonada EHNE sindikatuko kidearekin batera, Arazo globala, irtenbide lokala hitzaldia eskainiko du bihar, 19:00etan, Elkargunean, eta bakoitzak bere errealitatea azalduko du. Urola Kostako Hitza egunkariak bihar argitaratuko du Idarragaren elkarrizketa. Hemen aurrerapena:
Zein da Kolonbiako nekazaritzak duen egoera?
Gure herrialdeak, funtsean, nekazaritza du ardatz. Baina politika zentralarentzat nekazaritza ez da lehentasuna. Industrian zentratu da, eta meatze ustiaketan ere bai azken urteetan. Kolonbian lai milioi inguru nekazari daude, baina sektore publikotik jasotzen duten babesa oso txikia da. Orduan, nekazari askok autogestioaren bidez egiten dute lan; gainera, nekazaritza ekonomikoa biolentzia politikoak bete betean zeharkatu du. Kolonbian, lurrak gai estrategikoak dira. Izan ere, aberastasun gehiena pilatuta dagoen herrialdeetako bat da Kolonbia. Aldi berean, pobrezia asko dago pilatuta. Hala, pertsona oso gutxi daude aberastasun ikaragarria dutenak, eta biztanle gehienak izugarri pobreak dira. Biztanle pobre horiek, hein batean nekazaritzan jarduten dute. Aberatasunaren pilaketa horrek lurrean dago islatuta; enpresa handiak edo lur-jabeek lursail gehienak eta hoberenak dituzte. Nekazari gehienek, berriz, ez dituzte lur emankorrak. Gobernuaren politikak, bestalde, agroesportaziora daude bideratuta, eta horiek multinazionalak ekoizten dituzte. Honek lurrak pilatzeko arriskua sortzen du, eta ondorioz, tokiko elikagaiak ez dira ekoizten.
Globalizazioaren ondorio horiek eragin gehiago izaten al dute Kolonbia bezalako herrialde batean?
Noski baietz. Zuzenean eragiten du horrek; Kolonbiak Ameriketako Estatu Batuekin sinatu berri du Merkataritza Askearen Ituna. Baina gure ekonomia, industria eta azpiegiturak ez dira lehiakorrak. Beraz, gure herrialdean dugun bezala, tigrearen eta lotutako astoaren arteko borroka da hau. Honek guztiak aberastasunaren eta exportatzeko izango diren produktuak ekoizteko lurren metaketa areagotuko du.