Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak emakumeei zuzendutako paleta ikastaroa antolatu du Azkoitian, Emakumea Pilotari egitasmoaren baitan. Aurreko urtean izandako “arrakastaren” eraginez 2012-13 ikasturtean ere martxan izango da ikastaroa, Gurea pilotalekuan.
Hamazortzi urtetik gorakoek hartu dezakete parte ikastaroan, eta hurrengo asteazkena, hilak 26, baino lehen eman daiteke izena, kiroldegian. Halaber, 943-47 14 63 edo 696 39 52 11 telefonora deituta edo naroa.pilota@kirolak.net helbidera idatzita ere egin daiteke. Antolatzaileek adierazi dute urriko lehenengo saioak probarako izango direla, eta beraz, doakoak izango dira. Taldeak, berriz, gutxiengo kopuru batera iritsiz gero osatuko dituzte.
Bertan parte hartzen dutenak pisuz egokitutako paletak ea teniseko pilota motelagoak erabiliko dituzte, “paletako hastapena egin eta euren joko maila hobetzeko asmoz”. Halaber, egitasmoa aurrera eramango duten beste herrietako emakumeekin hainbat saio egingo dituztela adierazi dute antolatzaileek. Hala nola, Aste Santuen ondoren topaketak egingo dituzte, eta maiatza amaieran Emakumea Pilotari Eguna ospatuko dute. Egun horretan, festa egiteaz gain, Emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiko azken fasea jokatuko dute. ”Pilota praktikatuz, jarduera fisikoa egiteaz gain, paletan aritzen diren beste emakumeak ezagutu eta elkarrekin jokatzeko aukera izango dute”.