Ingurumen Hamabostaldia antolatu dute udalak eta herriko eragileek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko ira. 20a, 16:28

Ingurugiroarekiko kontzientzia sustatzeko asmoz, Ingurumen Hamabostaldia antolatu dute Azkoitiko Udalak eta herriko hainbat eragilek; hala nola, Azkoitiko Zero Zabor taldearekin, Kontsumo taldearekin, Abarketatxo ludotekarekin eta Oreka bioelkartearekin elkarlanean hamaika ekintza eramango dituzte aurrera. Horren baitan kanpainak abiatuko dituzte, eta hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, besteak beste. Ingurugiro Hamabostaldia aurkeztearekin batera, Trenbidearen Zumardiko parke berdean, liburutegiaren ondoan, aldaketak egingo dituztela adierazi du Inaxio Gorosabel udaleko zinegotziak. «Eremu horretan jende gutxi ibiltzen dela ohartu gara, besteak beste zakur gorotz asko daudelako». Horregatik, eremua bi zatitan banatu dute, eta liburutegi ondoko zelaiaren lehenengo zatia herritarrentzako egokituko dute; «bankuak jarriko ditugu, paseoan edo etzanda egon daitezen lasai». Hori hala, zelai horretara ezin izango dute zakurrek sartu. Handik tanatorio aldera dagoen zelaia izango da zakurren esparrua, baina jabeek horien kaka jaso beharko dute. Gorosabelek adierazi du ekimen pilotua izango dela hori, eta erantzunaren arabera beste auzoetara zabaltzeko asmoa dute. Halaber, zinegotziak adierazi du dagoeneko hasi direla bizikletentzako aparkamentuak jartzen herrian. Hainbat eremutan jarri dituzte, liburutegi ondoan, esaterako. Hala ere, aurrerantzean gehiago jarriko dituztela aurreratu du. Ingurumen Hamabostaldiaren baitan bi kanpaina jarriko dituzte abian; batetik, autoponpostajea bultzatzeko egitasmoa sustatuko dute, eta konpostaje komunitarioan parte hartzera gonbidatuko dituzte herritarrak. Amaia Argarate udaleko ingurumen teknikariak azaldu du konpostaje [...]


Ingurugiroarekiko kontzientzia sustatzeko asmoz, Ingurumen Hamabostaldia antolatu dute Azkoitiko Udalak eta herriko hainbat eragilek; hala nola, Azkoitiko Zero Zabor taldearekin, Kontsumo taldearekin, Abarketatxo ludotekarekin eta Oreka bioelkartearekin elkarlanean hamaika ekintza eramango dituzte aurrera. Horren baitan kanpainak abiatuko dituzte, eta hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, besteak beste.

Ingurugiro Hamabostaldia aurkeztearekin batera, Trenbidearen Zumardiko parke berdean, liburutegiaren ondoan, aldaketak egingo dituztela adierazi du Inaxio Gorosabel udaleko zinegotziak. «Eremu horretan jende gutxi ibiltzen dela ohartu gara, besteak beste zakur gorotz asko daudelako». Horregatik, eremua bi zatitan banatu dute, eta liburutegi ondoko zelaiaren lehenengo zatia herritarrentzako egokituko dute; «bankuak jarriko ditugu, paseoan edo etzanda egon daitezen lasai». Hori hala, zelai horretara ezin izango dute zakurrek sartu. Handik tanatorio aldera dagoen zelaia izango da zakurren esparrua, baina jabeek horien kaka jaso beharko dute. Gorosabelek adierazi du ekimen pilotua izango dela hori, eta erantzunaren arabera beste auzoetara zabaltzeko asmoa dute.

Halaber, zinegotziak adierazi du dagoeneko hasi direla bizikletentzako aparkamentuak jartzen herrian. Hainbat eremutan jarri dituzte, liburutegi ondoan, esaterako. Hala ere, aurrerantzean gehiago jarriko dituztela aurreratu du.

Ingurumen Hamabostaldiaren baitan bi kanpaina jarriko dituzte abian; batetik, autoponpostajea bultzatzeko egitasmoa sustatuko dute, eta konpostaje komunitarioan parte hartzera gonbidatuko dituzte herritarrak. Amaia Argarate udaleko ingurumen teknikariak azaldu du konpostaje komunitarioa liburutegi ondoko baratzan ezartzeko asmoa duela mankomunitateak, eta bertan parte hartzeko izen ematea zabalduko dutela adierazi dute. Bestetik, arrandegi eta harategietan ontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte urriak 2an eta 4ean, plazan.

Haurrek ere izango dute zer ikasirik, eta horientzako ekimenak ere izango dira ludotekan; udaltzainek bideak erakutsiko dizkiete astelehenean. Zakurren gorotzen aurkako kanpaina ere egingo dute asteartean, eta kalean topatzen dituzten animalien gorotzei banderatxoak ezarriko dizkiete. Halaber, baratza tailerrak hasiko dituzte umeek, eta urtero bezala, bizikleta martxa izango dute aurten ere, Etxaniz Autoeskolaren laguntzarekin.

Herrian sortzen ari diren Kontsumo Taldeak, berriz, hitzaldia antolatu du urriak 3rako; Aintzira Oñederra bertako kideak adierazi du herrialde desberdinetako nekazaritzak «arazo antzekoak» dituela, eta tokian tokiko nekazariek duten garrantziaz arituko dira Alvaro Idarraga Kolonbiako nekazarien elkarte bateko kidea eta Itziar Arkonada Euskal Herriko Nekazari Elkarteko kidea.

Oreka Bioelkarteak, bere aldetik, Elikapen energetikoa sukaldaritza ikastaroa hasiko du. Hiru egunetan izango dira saioak, eta bertan parte hartzeko Oreka Bioelkartera jo behar da, 943-02 62 31 telefonoaren bidez.
Hamabostaldia ixteko, Azkoitiko Zero Zabor taldeak Hondakinik gabeko erosketa! ekimena egingo du. Aurretik zehaztutako zerrenda bat oinarri izanda erosketak egingo dituzte herriko supermerkatu batean eta azokan edo Azkoitiko dendetan, herritarrekin batera. Hala, bietan sortutako hondakinak alderatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide