Abuztuaren 18an Azkoitiko Andra Mari jaietan parrandan gabiltzala, goizeko ordu biak aldera eta txosna karpatik ez oso urrun, lagun talde bat elkartu eta berriketan hasten gara. Halako batean, nire atzean hitz egiten ari den mutil batek marikita hitza esan duela uste izan dut, eta ea marikitekin zer gertatzen den galdetzen diot. «Hemen norbait marikita al da ba?», berak. «Bai, ni. Zergatik?» erantzuten diot. «Ah, ba horrela bada, errespetatu ni eta ez ukitu», esaten dit. Lasai egoteko, inoiz ez dudala ukituko, baina berak niri inoiz gehiago hitz bakar bat ere ez egiteko erantzuten diot zakar.
Handik pare bat ordura, lagun bat herriko bi mutil ezagunekin gelditzen da berriketan kalean. Zein tabernatara goazen esatera hurbiltzen natzaionean, bi mutiletako bat nigana gerturatu eta bat-batean, barrabiletatik gogor heltzen dit, oldarkor. Ez dudala ezer ulertzen, eta bakean uzteko esaten diot, bakean uzteko esaten dio nire lagunak ere, eta behin barrabiletatik askatzen nauelarik, «isilik egon hadi, gustatu egiten zaik eta, marikita hori!», edo antzeko zerbait ahoskatzen du ez oso ozen, baina nik entzuteko moduan. Berriro ere barrabiletatik heltzeko intentzioa ikusita, alde egiten dut presaka eta urduri, «ni bakean uzteko» behin eta berriz ozenki esanaz. Eurekin zegoen laguna berehala dator nigana, eta ospa egiten dugu, gertaera ahaztu ezinik.
Bi gertaerok adibide eta abiapuntutzat hartuta, jai giroan edota ohiko eguneroko bizitzan gure inguruan jasan behar izaten ditugun mikro-homofobia ekintzak eta erasoak salatu nahi nituzke. Aitortu behar dut niri gertaturikoa lagunei kontatzeko orduan, behin baino gehiagotan nik ere zalantza egin dudala eraso hitza erabili edo ez, eraso hitza bortitzegia bailitzan. Azkenean, ordea, nire burua da nabarmen gelditu dena, eraso hitza ekintza eufemismoarekin estaltzeak hori bera adierazten baitu, sarritan erasoak jasandakoan ere ez dugula nahi izaten kontuari hainbesteko garrantzia ematerik.
Mikro-homofobia terminoa mikro-matxismo terminoaren aldaera gisa erabiltzeko asmoa dut, hain zuzen, emakumeek sarritan jasaten dituzten ekintza eta eraso matxista txiki baina errepikatuak izendatzeko terminoaren baliokide gisa. Jakina baita emakumeek maiz jasan behar izaten dituztela gertakizun, irain eta ekintza matxistak, sarritan oharkabean bada ere, eta gainera, esan bezala, zenbaitentzako gertaerok «ez dira hainbesterako izaten».
Aipaturikoaren berri izateko biziki gomendatzen ditut June Fernandez kazetariaren blogeko Feminazis eta Paranoicas postak eta Ander Izagirre kazetariaren blogeko Son unas histericas posta. Bertan kontatzen diren jazarpen ekintzei aurtengo jai-giroan nire inguruko zenbait emakumek jasan dituzten ekintza matxistak gehitu beharrean aurkitzen naiz: komunean neska batekin sartzera tematzen den gizonarena, adibidez; behin neskak uko egin eta komunean bakarrik sartu ostean, neska txiza egiten ari dela azkenean komunean sartu eta krisketa ixten saiatzen den gizonarena, hain zuzen; edo tabernetako jendetza aprobetxatuz gizonek behar ez bezala ukitzen dituzten neskena; arrazoirik gabe gizonen keinu itsusiak jasan behar dituzten neskena; eta abar.
Baina natorren mikro-homofobia ekintzetara, gradu baxuko jazarpen homofoboak izanagatik ere, bere garrantzia baduten gertaera erabat salagarriak direlako, eta bestetik, egungo gizartearen egoeraren berri emateko ere balio dutelako. Izan ere, bizi garen leku eta garaian anakronikoak dirudite eta, beraz, onartezinak lirateke aipaturiko ekintzak, egiazki gertatuko ez balira. Baina hori da kontua, normalizazioaren diskurtsoa hain zabalduta egonda ere, horrelakoak eta antzekoak egunero gertatzen direla han eta hemen (adibidez, Berria egunkarian, soilik azken hilabetean bi iritzi-zutabe agertu dira antzeko gertaerak salatuz: Josebe Iturriozek idatziriko Salaketa eta Kepa Blazkez eta Xabi Aizpuruak sinaturiko Eraso sexistekin dantzan, hain zuzen). Horrenbestez, gertaera gaitzesgarriak erabat onartuta daude zenbait jendartetan eta ekintza horiek erakusten dutena da homofobia hori ez dela desagertu, oso egungoa dela, eta uste gabeko leku eta espazioetan agertzen dela, oraindik hor dagoelako. Are, pesimista jarrita, esango nuke halako kontrairaultza bat gertatzen ari dela; nonbait, zenbait esparrutan lortu diren eskubideak gehiegizkoak bailiran, eskubide horien aurkako ekintzak ugaltzen ari baitira.
Amorruzko gutun bat idatz nezakeen, edo mendekuzkoa, barrabiletatik heldu eta kozkorrak ukitu zizkidan gizonezkoa betidanik ezagutzen dudan gure herriko euskaldun, «aurrerakoi» eta «ezkertiarra» izanik, jai-giroan horrelako ekintza gaitzesgarriak eta are okerragoak egiten maiz ibiltzen dela salatuz. Baina, egiazki, eraginkorragoa deritzot mikro-matxismo eta mikro-homofobia erasoen aurkako jarrera aktibo eta zuzena aldarrikatzeari, horrelako ekintzak baitira gure gizarteko askatasun, aniztasun eta berdintasun aukerak mugatu, zapaldu, zapuztu eta jazartzen dituztenak.
Izan ere, neurri handi batean mikro-erasoak gizarteko makro-arazoen ondorio besterik ez dira.
Mikel Aierbe. Azpeitia.