Aurtengo andramarietako txupinazoan azkoitiarren «bizi kalitatea hobetzen» lan egiten duten lau emakumek izango dute protagonismo osoa. Dolores Arregik, Maria Isabel Aramendik, Ines Kintelak eta Carmen Karrerak botako dute suziria, urtez urte, astelehenetik ostiralera, San Jose egoitzara joaten direlako, bertako adinekoiei konpainia egitera. Hurrengo asteartean, abuztuaren 14ean, «urduri» egongo direla aitortu dute Kintelak eta Aramendik, «plaza osoa gainezka egoten delako», eta begi guztiak eurei begira izango dituztelako. Umorerik, ordea, ez dute falta: «Hik bota beharko dun txupinazoa, zaharrena haiz eta», dio Aramendik Kintelari txantxetan. «Txupinazoa guk botatzea eskaini zigutenean emozio handia sentitu genuen. Ez da gutxi gurekin gogoratzea. Baina, egia esanda, estutasun pixka bat ere ematen digu», adierazi du Kintelak.
Lau azkoitiarrak jakitun dira San Jose egoitzan euren aletxoa jartzen dutena, egiten duten lana «isilekoa» bada ere. «Hemengoak zain egoten dira gu noiz etorriko; zerbait desberdina izaten dute», adierazi du Aramendik. Bertakoekin kartetan eta bingolan jolasten dute eta berriketan aritzen dira laurak. «Asteburuetan beren kasa ibiltzen dira, senideen bisitak ere izaten baitituzte».
Aramendi eta Kintela ez dira gogoratzen noiz hasi ziren egoitzara joaten. «25 urte baino gehiago izango dira. Eraikin zaharra zegoenean hasi ginen, mojek hala eskatuta. Horiekin laguntasuna genuen, Miserikordia ikastetxean ikasi baigenuen. Hemengoek ere ez zuten uste etortzen jarraituko ez genuenik, eta dagoeneko etxekoak bezala sentitzen gara».
Festak, zeharo aldatuta
Gainontzeko azkoitiarrak bezala, festak ospatzeko gogoz dira bi emakumeak. «Kaleko giroa izaten da ederrena. Izan ere, gainontzeko egunetan kaleak nahiko hutsik egoten dira, eta horrek beste bizipoza ematen digu», adierazi du Kintelak. Aramendik, berriz, Andramari bezperako Salbea du gogokoen. Baina biek ala biek adierazi dute festak «izugarri» aldatu direla gazteak zirenetik. «Orduan guk bagenuen sasoi ederra, eta orain berriz bilobei jarduten diegu errietan, berandu erretiratzen direlako», txantxetan dio Aramendik. Garai hartan, giroa «zeharo desberdina» zela gogoratzen dute biek. Plazan, pieza batzuk dantzatzen zituztela oroitzen dute, baina ondoren etxera joan behar: «Sasoi hartan dantza sueltoan aritzen ginen. Orain ezin dugu halakorik egin, baina orduan ez zegoen beste
zereginik. Gero, ordea, goiz erretiratu behar izaten genuen. Beharko», gogoratzen du Kintelak. «Suzko erroberak amaitutakoan joan behar izaten genuen,
gaueko hamarrak inguruan». Hain zuzen, bizimodua «zeharo» aldatu dela adierazi dute biek, eta egungo ordutegiarekin harrituta daudela adierazi dute. «Orain ez da erretirorik. Hala ere, onartu beharra dugu, eta errespetatzen dugu oraingoa ere». Dena den, beraiek ere jaietan orduari horrenbeste begiratzen ez diotela aitortu dute.