Anaitasunaren urteroko batzar orokorra izan zen atzo (osteguna) arratsaldean. Kirol mailako balorazioa eta ekonomikoa egin zituzten hasieran, eta ondoren udalarekin daukaten harremanaz mintzatu zen Javier Zubizarreta lehendakaria.
Kirol mailaren aldetik “oso gustora” agertu dira zuzendaritzatik talde nagusiak hirugarren mailara igotzea lortu duelako, eta Gipuzkoako Futbol Federazioak, herrialdeko talderik nabarmenenaren saria eman diolako, besteak beste. Arlo ekonomikoari dagokioinean, Azaldu zutenaren arabera, 217.000 euro inguruko gastuak izan dituzte, eta diru sarrerak 220.376 eurokoak izan dira. Beraz, 2.394 euroko superabita izan du Anaitasuna Futbol Taldeak 2011/12 denboraldian.
Datorren deboraldira begira, ordea, gastuek gora egingo dutela ere jakinarazi dute. “Denboraldi honetan baino 21.000 euro gehiago beharko ditugu” azaldu zuten zuzendaritzatik. Arbitroei gehiago ordaindu behar zaie, garraioan ere gastua handiagoa izango da, eta BEZ-a igo dela ere gogorarazi nahi izan dute. Horri buelta emateko, bazkideen urteko kuota igotzea erabaki dute; “azken hamaika urtean ez da igo, eta gastuak areagotu egin direla kontuan hartuta, kuotak igoko ditugu”. Lehen 60 eurokoa zen, eta hemendik aurrera 80 eurokoa izango da. Jubilatuek 30 euro ordaintzen zuten, eta haien kasuan 50 euro ordaindu beharko da hemendik aurrera. Futbol partidak ikusteko sarreren prezioak ere igo egingo dituzte. Orain arte zazpi euro kostatzen da, baina hemendik aurrera hamar euro izango da. “Hemezortzi urtetik beherakoei ez kobratzen jarraitzea erabaki dugu” azaldu zuten.
Udalarekin harremanak
Ez daudela inongo alderdiren alde eta ezta aurka ere azaldu du Zubizarretak. “Anaitasunaren alde gaude”. Azkenaldian pil-pilean dagoen gaia da Txerloiko argiteriarena, eta atzo ere horren inguruko azalpen batzuk eman zituen Zubizarretak. Udaletik hiru urtean 166.000 euro jaso dituztela gogorarazi dute. Azpiegituran diru asko inbertitu dutela ere gogorarazi zuen, ordea, lehendakariaren esanetan, 182.000 euro. “Udalaren azpiegiturak direla hartu behar da kontuan, eta geuk egin ditugula konponketa horiek” azaldu zuen. Udala gobernutik jakinarazi zuten, nahiko diru ematen zaiola futbol taldeari. “Egungo egoera ekonomiko tamalgarria ikusita, kezka ere badut, ez ote den gehiegizkoa kopuru hori”, azaldu zuen Pello Bastarrika alkateak uztailaren 5eko udalbatzarrean. Horri erantzunez bota nahi izan ditu datuak lehendakariak.
Federazioak uztailaren 28ra arteko epea eman dio lanen kontratazioa egiteko. Ordurako hasten bada, ordainduko dituela gastuen %70a jakinarazi die. Udalarekin bilerak egin dituztela ere jakinarazi dute, eta hurrengo urteko partidetatik kentzeko eskaera egin diote Anaitasunatik udal gobernuari. “Publizitatetik diru kopuru bat jaistea egongo litzateke, eta Musika Eskolako lan batzuk egin gabe ere dirua lortzea legoke” azaldu zuen. Gastu horiek kenduta, argiteria ordaintzeko behar dituen 34.610 euroak egongo liratekeela azaldu zuen. “Borondate piska batekin, hamar minutuan konponduko litzateke arazo hau” esan zuen amaitzeko.