Mikel Elorzak, Iñigo Aranbarrik eta Mikel Aierbek, era batera edo bestera, esku hartuko dute gaur, bihar eta etzi, Eako Poesia Egunetan. Haiek izango dira eskualdeko enbaxadoreak poesia ardatz hartuta urtero Bizkaian antolatzen duten asteburuan.
Zarauztarra izango da parte hartzen lehena; Elorza. LP bat poema hitzaldia eskainiko du bihar goizean, Baletxen, 10:30ean hasita. Hitzaldiaren gaia «musika eta poesiaren arteko harremana» dela aurreratu du. «Nire kasuan, zenbait poeta eta zenbait poematara kantuen bitartez iritsi naiz», azaldu du. «Halako ibilbidetxo bat egin nahiko nuke. Horregatik dauka izen hori. Nik egin dudan LP bat bezala izango da». Bere esperientzia pertsonala kontatuko du, beraz. «Poeten artean,ezagunak eta ez hain ezagunak daude: Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Itxaro Borda… Beste kasu batzutan badaude kanten letra oso poetikoak egiten dituztenak ere: Juan Carlos Perez, edo Txuma Murugarren. Klasiko batzuk deskubritu dizkidate».
Munduan beste
Aranbarri azkoitiarraren ekarpenaz ere gozatu ahalko da etzi. Propio han emateko idatzitako Munduan beste testuan oinarrituta antzezlan bat prestatu du Labea laborategia antzerki taldeak. «Apikale izeneko etxe bat dago, oso etxe ederra. Eraikina bera aprobetxatuta, eta kontuan hartuta XX. mendeko euskal aristokrazioarena izan zela (gaur egun hutsik dago barrutik), pentsatu nuen aukera ematen zuela, hainbat testu eta abar erabilita, gure identitateari buruzko antzerki edo emanaldia egiteko», azaldu du Aranbarrik. Euskal identitatearen inguruko «gogoeta kritiko eta autokritikoa» egin nahi dute lan horrekin. «Aristokraziak horrelako etxeak zergatik eraiki zituen aztertzen hasten da. Langile, nekazari, arrantzaleengandik aparteko etxeak. Horrez gain, beti egon da euskal elite bat emigrazioa oso gaizki ikusi duena. Baina begira zer ekarpen egin dizkieten euskarari emigranteen seme-alabek. Adibide pilo bat daude. Neurri batean onartu dugu hori, baina orain bigarren olde hau ez dugu oraindik onartzen. Gure literaturan ere ez da hain sarri agertzen mundu hori. Mundutik aparte bizi garen kezka nagusi lanean».
Etxe horretan antzezteko prestatu dute antzezlana, eta behin baino ez dute egingo. Antzezleak tokiz mugituko dira eta ikusleak haiei segiko diete, kontakizunarekin batera.
Ez dok/n armairu poema errezitaldia eskainiko du Mikel Aierbe azpeitiarrak, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miñer eta Juanjo Olasagarrerekin batera. Desira desorekatuak liburua kaleratu zuen hainbat idazlek. «Literatura oinarri hartuta, queer kritikak edo euskal literaturako gay-les protagonistak poematan eta eleberritean nola jorratu diren aztertuz», artikulu bilduma bat egin zuten. Liburu horren aurkezpenerako, ekimen bat «inprobisatu» zuten. Hori izan zen Ez dok/n armairu izango zenaren «ernamuina». Hamaika saio egin dituzte guztira, eta igandekoa azkena izango da, hamabigarrena. Parte hartzaileak zein emanaldiak «aldatzen» joan direla ere azaldu du. Azkenengo saioa izango dute. «Jende asko gara segitzeko, gainera Eako poesi egunetan ematea amaiera polita izango da. Hamabigaren saioa izango da, hori ere polita geldizen da”.