EAJ, Azkoitia Bai eta PSE-EE alderdiek, Txerloia Futbol Zelaiko argiteria egiteko, Udalak gastuen %25a finantzatzeko mozioa aurkeztu nahi izan zuten atzo (osteguna) egin zen udalbatzarrean. Hori, ordea, ilegala dela azaldu zuen Begoña Garmendia idazkariak. “Diru partida horiek onartzea Udal Gobernuari dagokio, eta plenoak ezin du gobernuaren eskumenetan eskua hartu, gobernuak plenoaren eskumenetan parte ezin duen hartu bezala”, azaldu zuen idazkariak. Horregatik, galde-erreguetara pasa zuten gaia. Udal Gobernua, neurri hori hartzearen aurka agertu zen, egungo egoera ekonomikoa nola dagoen ikusitaa.
Testu horretan agertzen denez, Gipuzkoako Futbol Federazioak 96.908,97 euro (%70a) emango lituzke argiteria berritzeko. Anaitasuna Futbol Taldeak 6.922,07 euro (%5a) eta Azkoitiko Udalak 34.610,35 euro ( %25a) ordaindu beharko lituzke. Eztabaida bizia piztu zen zinegotzien artean, baita publikoan zeuden Anaitasunako ordezkarien artean ere. Besteak beste, horren eraginez, aspaldiko urteetako plenorik luzeena izan zen. Pello Bastarrikak nabarmendu nahi izan zuen Udalaren egoera ez dagoela gastu horietarako. “Anaitasunari nere errekonozimendua ez-ezik, gaur osatzen dugun Udalarena ere egina dugu”, azaldu zuen hasieran. “Anaiatsunarekin” dagoela ere nabarmendu nahi izan zuen. “Bizi garen egoerak ez gaitu baimentzen aurkezten duzuen proiektuari aurre egiten. Proiektu honek ondorioztatzen duen gastuari ezin diogu gaur egun, inolaz ere, aurre egin”, azaldu zuen. Anaitasunak 55.000 euroko diru laguntza jaso duela aurten ere gogorarazi nahi izan zuen. “Bizi garen egoera ekonomiko tamalgarrian, kezka ere badut, ez ote den gehiegizkoa diru kopuru hori”, gaineratu zuen. Beste herrietako adibideak ere eman zituen konparatzeko. Azpeitian, adibidez, Lagun Onaki 25.930 euroko diru laguntza eman dio udalak aurten.
Javier Zubizarreta Anaitsunako presidenteak, taldearen lana eta lorpenak nabarmendu nahi izan zituen, eta Gipuzkoako Futbol Federaziotik laguntza hori jasotzea aukera handia dela nabarmendu. Hurrengoan ez dela horrelako aukerarik izango uste du berak, horregatik “aprobetxatu” egin behar dela azpimarratu zuen.
EAJko Iosu Bastida zinegotziak azaldu zuen, legalki zuzena ez baldin bazen bide hori, batzordeetan onartuko zituztela partida aldaketak, diru kopuru hori lortu arte. Azkoitia Baiko Julen Garatek, berriz, dagoeneko proposatu dituztela diru hori lortzeko murrizketak ere jakinarazi zuen, nahiz eta ez zuen zehaztu zein ziren.