Aurtengoan ere ez da festarik faltako Urrategi auzoan. Uztaileko bigarren igandean, Azkoitiko amabirjinaren egunean, ospakizuna izango da nagusi goizetik iluntze partera arte. Hala ere, ostiralean ere izango da jai giroa, mus txapelketa azkarra antolatu baitute 22:00etan elkartean. Jose Luis Garate da antolatzaileetako bat, eta hark HITZA-ri esan dionez, 32-34 bikoteren bueltan izaten dira urtero. Irabazleei 200 euro eta txapel bana ematen zaizkie. Bigarrenari 100 euro eta saria; hirugarrenari 50 euro eta saria; eta, laugarrenari, oilasko parea.
Larunbatean ez dute festarik antolatzen, baina iganderako egun osoko egitaraua prestatu dute urtero legez. Mezarekin hasten da eguna, eta ondorenerako txosna bat jartzen dute salda eta pintxoak emateko. Horrez gain, goiza alaitzeko, harri-jasotzaile, trikitilari eta bertsolariak izango dira. Arratsalderako, umeen jolasak ere jarriko dituzte. Ikusmira sortuko duena gizon-asto proba izango dela uste du Garatek. Aurtengoan astoaren aurka ariko dira zortzi lagun harriari tiraka. «Iaz Urrategi Madariagaren aurka aritu zen, baina zaila da hamasei lagun biltzea horretarako. Azkenean, bi auzoen artean talde bat osatu da, eta Akoako (Zestoa) asto baten aurka ariko dira».
Hamar urte antolatzen
Garate gogoan da «mutil kozkorretan» gurasoekin bazkaria hartuta nola joaten zen Urrategiko amabirjinaren egunean auzora oinez. «Duela urte batzuk ia galduta egon zen festa eguna. Elkartean jende berria hasi zen, eta eguna indartzeko lanean hastea erabaki genuen duela hamar urte», azaldu du.
Urrategi Eguna
9:30ean. Meza
11:00etan. Meza nagusia
12:30ean. Herri kirolak: Goenatxi II.a eta III.a
13:00etan. Larrañaga eta Egoitz Alkorta bertsolariak
16:30ean. Zabale eta Larrañaga trikitilariak
16:30etan. Gorriti, puzgarriak eta tailerrak umeentzako
18:00etan. Gizon-asto proba: Urrategi-Madariaga, Akoako astoaren aurka
Ondoren. Zabale eta Larrañaga trikitilrtiekin erromeria