Azkoitiko bizilagunen % 8 atzerritarra da, tartean, jakina, haurrak daude. Herriko bi ikastetxeetan, Floreagan eta Xabier Muniben, euskaraz ematen dituzte eskolak. Horregatik, kasu askotan hasieran ez dira ongi moldatzen ikastetxean. Gainera, gehienetan haur horien etxeetan ere inork ez daki euskaraz.
Horri irtenbidea emateko asmotan, Azkoitiko Udala AEK-rekin harremanetan jarri zen, haurrei euskarazko klaseak emango al zizkion galdezka. Horrela hasi zen Etorkinak Eskolan programa, umeen irakasle Oihana Epeldek HITZA-ri azaldu dionez. «Gero eta etorkin gehiago hasi ziren etortzen herrira, eta klaseak emateko baliabideak falta zitzaizkiela konturatu ziren ikastetxeak», azaldu du Epeldek. Ikasturte honetan, guztira, 50 bat haur izan dituzte izena emanda Lehen Hezkuntzako mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, 23. Haurrak ikastetxera hasten direnean, Udalak eskaintza honen inguruko informazioa bidaltzen diete eskutitz bidez, eta seme-alabek bertan parte hartzea nahi baldin badute, gurasoek papera sinatu behar dute. «Eskolaz kanpoko ekintza bat denez, ezin dira derrigortu. Gainera, irekia da, etorkin batzuk hasieran etortzen dira, besteak martxoan, beste batzuk apirilean, eta etorri ahala guregana etortzen dira. Beraz, hasieran 40 ziren eta ikasturte amaierarako, berriz, 50». Hala ere, «asistentzia %100ekoa ez da», garbi dio Maite Azpiroz AEK-ko kideak. Jakinarazi dutenez, batez beste, 25 bat ikasle izan dituzte LHn, eta DBHn, berriz, 16 inguru. Beti kopuru bera ez dela izaten ere adierazi dute. «25 horiek, adibidez, ez dira beti berak» azaldu du Epeldek. Hori bai, kontrola eramaten dute. «Hilaren amaieran, asistentziaren berri ematen dugu ikastetxeetara eta udalera», esan du Azpirozek.
Gehien, pakistandarrak
Hainbat jatorritako ikasleak dauzkate Etorkinak Eskolan programan, baina gehienak pakistandarrak direla azaldu dute. «Azken bi urteetatik hona, gehienak Pakistangoak dira alde handiarekin», azaldu du Epeldek. «Lehen marokoarrak izaten ziren gehienbat», gehitu du Azpirozek. Errumaniarrak ere badaudela jakinarazi dute, eta baita argentinar bat ere.
Sei urtetik hamabi urte bitartekoak aritzen dira LHko mailan, eta DBHn hamabitik hamaseira bitartean. Klaseetara joateko hiru urteko epea jartzen diete haurrei. «Muga bat jarri beharra geneukan, bestela, etorri eta hemen segiko balute, ehun umerekin egongo ginateke». Behin hiru urte pasatakoan ume bakoitzaren egoera aztertzen dutela ere gehitu dute, ordea. «Ikusten badugu hemen ikasi beharrekoa ikasi duela, ez dauka etorri beharrik, edo aurkakoa; beste urtebete behar duela ikusten baldin bada, etorri egingo da», azaldu du Azpirozek. Ikasten ere zenbat urterekin hasten diren «alde handia» dago. «Sei urterekin etortzen baldin badira, erraz ikasten dute, baina hamar urterekin datorren batentzat askoz ere zailagoa da. Zuzenean DBHn hasten denarentzat, berriz, okerragoa da». Hala ere, hiru urte nahikoa direlakoan daude bi irakasleak. Ikastetxean ere dena euskaraz egiten dutela gogorarazi dute; eta garbi daukate horrek asko laguntzen duela. Sei urte daramatza martxan programak, eta aurtengo ikasturtea oraintsu amaitu dute.