Kultur Astea hasiko da datorren astelehenean, eta igandera bitartean herriko kultur sortzaileen lana ikusteko aukerarik ez da faltako. Xirikatzen, Azkoitiko Kultur Mahaiak antolatu du, eta helburua garbi azaldu du Itziar Eliasek, bertako kideak: «Kultur arloko jendeak elkar ezagutzea, eta haien lanei herrian oihartzuna ematea».
Astea «hasiera baino ez» dela nabarmendu du Eliasek. Aurrerantzean «lan asko» dagoela
egiteko azaldu du, eta «hurrengo urteetara begira, herriko kulturgintzako jendeak bat egitea» nahi dutela azaldu du. Baita «herriarean aurrean ezagutaraztea» ere. «Ez da hau egin eta kitto izango. Ezagutzera emateko lehenengo ekintza izango da, jarraipena izango du. Suziria izatea nahi dugu hau; maratoi luze-luze baten hasiera».
Herriko talde «denek, edo ia denek» parte hartuko dutela ere jakinarazi du Eliasek. «Ate asko
jo ditugu», azaldu du, eta «jo ditugun ate denetan erantzun ona eman digute; gustura hartu dute proposamena». Esan duenez, «jendeak honen beharra zuen». Horregatik, «lanerako jende askok eman du izena», nabarmendu du. «Inoiz egin ez denaren ilusio hori ikusten da».
Herritarren lana azaleratzea da astearen helburua. Garbi azaldu du hori. «Herrian bizi direnen edo jaio direnen lanak erakutsiko ditugu. Hori da gure nahia», esan du Eliasek.
Larunbata, egun indartsuena
Aste guztirako prestatu dituzten arren ekimenak, larunbata izango da jende gehien mugituko duen eguna; hala uste dute Xirikatzen-eko kideak. Bazkaria izango da eguerdian, baina aurretik eta ondoren ekimenak egingo dituzte; kale antzerki inprobisatua eta batukada, besteak beste.
Kultur Astea
Ekainaren 18tik 24ra
-Egun osoan. Sortzaileen erakusketa: Torre Zuri, Etxebeltze, Elkargunea eta dendetan.
Ekainaren 19a
-18:00etan. Crickey hitzaldia Banaiz Bagara Elkartearen eskutik, Elkargunean.
Ekainaren 19 eta 21ean
-19:00etatik 20:30era. Batukada ikastaroa, Elkargunean.
Ekainaren 21ean
-18:00etan. Bertso tailerra Elkarguneko sukaldean, Erniarraitz eta AEK-k antolatuta.
Ekainaren 22a
-20:30ean. Balkoitik balkoira bertso saioa, Kale Nagusian.
-22:30ean. Jorginoren kontzertua, Beckett tabernan.
Ekainaren 23a
-12:00etan. Kale antzerkia kaleetan zehar, eta Tailerrak Balda plazan; serigrafia, bitxigintza, sebillanak eta ehungintza.
-13:00etan. Trikiltilariekin kalejira
-14:00etan. Bazkaria, Ikurrinaren Plazan. Bertan, trikitilariak eta herri kantak, Iraurgi Abesbatzarekin batera.
-18:00etan. Batukada taldea kaleetan zehar.
-22:00etan. San Juan sua, Balda Plazan. Ondoren, erromeria Aitor Sorazu eta Musika Esolako trikitilariekin, Balda plazan.
Ekainaren 24a
-12:00etan. Erakusketak plazan: abarketagintza, Xebas Larrañagaren lanak.
-12:30etan. Kantu poteoa, Iraurgi Abesbatzarekin
-13:00etan. Musika Eskolako kontzertuak.
-17:00etan. Umeentzako tailerrak plazan: Serigrafia, bitxigintza, sebillanak eta ehungintza.
Baliteke egitarauak aldaketaren batzuk izatea astean zehar.