Eskualdeko hainbat alkate, zinegotzi eta teknikarik bailara urez nola hornitzen den ikusteko aukera izan dute. Ibai Eder urtegia, Ibai Eder Edateko Uren Araztegia eta Badiolegiko Hondakin Uren Araztegia ezagutu dituzte, zehazki. Atzo goizean egin zuten ibilalditxoa. Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Orioko, Zarauzko eta Zestoako udal ordezkariek hartu zuten parte txangoan.
Hasteko, Ibai Eder urtegian bildu ziren, haren funtzionamenduaren nondik norakoak ikasteko asmoz. Hasierako aurkezpentxo bat egin zuen Iñigo Elosegik, Gizpuzkoako Ur Partzuergoko kudeatzaileak. Azalpen laburraren ostean, Josetxo Saizarrek, Gipuzkoako Ur Partzuergoko Ustiatze eta Ekoizpen zuzendariak eraman zituen plantaz planta.
Ibai Eder barnetik ikusteko aukera izan zuten. Elosegik azaldu zuenez, 30 kilometro koadroko azaleran erortzen den ura jasotzen du. «11,3 hektometro kubiko jaso litezke presa honetan», azaldu zuen. Horietatik, 5,9 hektometro kubiko horniketarako erabiltzen dela jakinarazi du. Gainontzekoak, helburu «ekologikoekin» erabiltzen direla dio; hau da, errekara botatzen dituzte, uraren zikloak jarrai dezan. «Inguruko urtegi handiena da. Gipuzkoako handiena Añarbekoa da; 37 hektometro kubiko dauzka». Hala ere, ingurukoak txikiak direla nabarmendu zuen. «Itoitzekoak 600 bat hetometro kubiko dauzka. Europako urtegirik handiena Portugalen dago, eta 4.000 hektometro kubiko ur dauzka. Haietako presa handi batek sor lezakeen kaltea, ez dago honako honek sor lezakeenarekin alderatzerik», gehitu zuen.
Urtegitik, araztegira
Urtegiaren barrunbeetan ibilita, urak egiten duen bezalaxe, Oñatz bideko Araztegira joan ziren alkate, zinegotzi eta teknikariak. Bertan, ura edateko prestatzen dute, eta ondoren, eskualdeko herri guztietara bideratu. Garbitzeko ozonoa erabiltzen dute, «materaia oxidatzeko». Ondoren, egonean izaten dute ura, eta materia azpian geditzen da. Behin materia hori kendutakoan, kloroa botatzen diote desinfektatzeko. Zenbait momentutan, izpi ultrabipletak ere erabiltzen dituzte, birusen geneak akabatzeko.
Handik, eskualdeko etxeetara bideratzen dute ura. Eta etxeetatik, Badiolegiko araztegira. Han ere ura garbitzen dute, baina ez berriro edateko, Urola Ibaira botatzeko baizik. Hasteko, uretan dauden zati handienak kentzeko, sei eta hiru milimetroko zuloetatik pasatzen dute ura. Gero, oxigenatu, eta, geldirik edukitzen dute. «Horri esker, koipeak gora joaten dira, eta hondarra behera», azaldu zuen Elosegik. Hori kendu, eta beste tratamentu bat ematen zaio oxigeno gehiago izan dezan. Araztegi horrek, ordea, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako ur zikinak garbitzen ditu. Kostako herrietan gehiago daude, horretarako.