Txalon Errekako gaian EAJk izan duen jarrera salatu du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko eka. 1a, 07:02

Txalon Erreka auzoko lanak egiteko Eusko Jaurlaritzak eman beharreko diru laguntzaren zati bat galtzeagatik, «Azkoitiko EAJk hartu duen jarrera gaitzetsi» nahi izan du Azkoitiko Udalak. Hiriber Programaren baitan, Jaurlaritzak lanen kostuaren %65 eman behar zion Azkoitiko Udalari, laguntza moduan. Baina, lanak 2011ko abenduaren 31rako amaitu beharra zegoen, eta amaitu ez direnez, ordura arte egindako lanen kostuaren %65 baino ez du jasoko udalak Hiriberretik. Diru laguntza berreskuratzeko beraien esku dagoen «guztia» egiten ari direla diote. «Errekurtsoa prestatzen ari gara, eta Jaurlaritzarekin bilera lortu dugu datorren asteazkenerako», azaldu du Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak. Abenduan egindako gastu gehiago justifikatu dituztela ere badio. «Alegazio horiek onartuz gero, galduko den diru kopurua ez da 373.000 eurokoa izango, 302.000koa baizik». EAJk gertatutakoa salatu, eta udalean ez dela gestio politikorik egon salatu du aste honetan. Udalak, erantzun egin dio. EAJk emandako informazioa «zatikakoa eta manipulatua» dela iritzita, azalpenak eman nahi izan ditu. Haserre agertu da alkatea, eta gogor salatu du EAJren jarrera. «EAJk kontu honen inguruan izan duen jarrera guztiz gaitzesten dugu eta haien benetako intentzioen inguruan zalantzak sortu zaizkigu: hasiera-hasieratik zekiten lanak berandu hasi eta epeak ezingo zirela bete; Udal Gobernua aldatu ondoren ez digute horren inguruko inolako berririk eman eta isil-silik egon dira orain arte, [...]

Udalaren agerraldia

Udal Gobernuko kide Inazio Gorosabel, Pello Bastarrika eta Esther Lizarralde.

Txalon Erreka auzoko lanak egiteko Eusko Jaurlaritzak eman beharreko diru laguntzaren zati bat galtzeagatik, «Azkoitiko EAJk hartu duen jarrera gaitzetsi» nahi izan du Azkoitiko Udalak. Hiriber Programaren baitan, Jaurlaritzak lanen kostuaren %65 eman behar zion Azkoitiko Udalari, laguntza moduan. Baina, lanak 2011ko abenduaren 31rako amaitu beharra zegoen, eta amaitu ez direnez, ordura arte egindako lanen kostuaren %65 baino ez du jasoko udalak Hiriberretik.

Diru laguntza berreskuratzeko beraien esku dagoen «guztia» egiten ari direla diote. «Errekurtsoa prestatzen ari gara, eta Jaurlaritzarekin bilera lortu dugu datorren asteazkenerako», azaldu du Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak. Abenduan egindako gastu gehiago justifikatu dituztela ere badio. «Alegazio horiek onartuz gero, galduko den diru kopurua ez da 373.000 eurokoa izango, 302.000koa baizik».

EAJk gertatutakoa salatu, eta udalean ez dela gestio politikorik egon salatu du aste honetan. Udalak, erantzun egin dio. EAJk emandako informazioa «zatikakoa eta manipulatua» dela iritzita, azalpenak eman nahi izan ditu. Haserre agertu da alkatea, eta gogor salatu du EAJren jarrera. «EAJk kontu honen inguruan izan duen jarrera guztiz gaitzesten dugu eta haien benetako intentzioen inguruan zalantzak sortu zaizkigu: hasiera-hasieratik zekiten lanak berandu hasi eta epeak ezingo zirela bete; Udal Gobernua aldatu ondoren ez digute horren inguruko inolako berririk eman eta isil-silik egon dira orain arte, herritarrentzat hain garrantzitsua den kontu bat izan arren. Zergatik? Interes politikoagatik?…».

Mikel Zubizarreta EAJko zinegotziak esandakoen inguruan, berriz, honakoa esan du alkateak: «Bilduren gestio politikoaren gabeziaz mintzatzen da Mikel Zubizarreta, eta gezurretan ari da. Berak oso ondo daki zenbait gestio tekniko ezezik, politiko ere egin diren. Onartezina da alkateak Jaurlaritzan Maripaz Larrunbide Etxebizitza Sailburuordearekin izan zuen bilera ezkutatu nahi izatea. EAJk eta Mikel Zubizarretak jakin beharko lukete horrelako eraso eta asmo gaiztoko adierazpenak, kaltea beraiei ezezik, herriari egiten dietela».

Prozesuaren bilakaera
2010eko abuztuan onartu zuen orduko udalak hitzarmena Hiriberrekin, «beraz, aurreko udalak  bazekien lanak 2011ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu behar zirela». Obren krontratazioa berandu izan zela salatu du Bastarrikak. Obrak kontratatzeko espedienteari 2010eko azaroaren 4an eman zitzaion hasiera. «Ondoren, lanak exekutatzeko kontratua 2011ko maiatzaren 18an sinatu zuen udal hark, udal hauteskundeak baino lau egun lehenago». Kontratuan azaltzen denez, lanak amaitzeko zortzi hilabete beharko liratezke. «Maiatzetik abendura, zazpi hilabete daude, beraz, ezinezkoa zen abenduaren 31rako amaitzea».

Lanekin hasteko, beharrezkoa da obra zuzendaritza kontratatzea. Aurreko udalak, ordea, ez zuela egin salatu dute; hori udal berriak egin zuen, pasa den abuztuan. «Obra zuzendaritzarako gordeta zegoen partida, beste zereginetan gastatu zuen aurreko udalak, eta aurrekontua aldatu behar izan zen zuzendaritza lanak kontratatu ahal izateko».

EAJtik informaziorik ez
Hauteskundeen ondoren, EAJk ez ziola udal berriari «inolako informaziorik» pasa ere salatu du Bastarrikak. «Lanak exekutatzeko kontratua epez kanpo zegoela, obren zuzendaritza kontratatu gabe zegoela… jakinda, informazio trukaketarik ez» egitea leporatu dio.

2011ko uztailean osatu zen udal berria, eta kontu horren berri «lanean hasitakoan» izan zutela adierazi du Bastarrikak. Urriaren 27ko udalbatzarrean hartu zen lanen atzerapena eskatzeko erabakia. «Egia da ordutik abendura arte ez zela Jaurlaritzara bidali, baina gaia nola egin aztertzen egon ginen. Hilabete horietan alegazioak prestatzen eta arazoari irtenbide egokiena nola eman aztertzen egon ginen. Eta Jaurlaritzarekin ere egon ginen harremanetan», azaldu du. Jaurlaritzaren erantzuna «argia» izan dela dio: «Epeak ez dira bete, araudia ez da bete, eta horregatik kendu dira diru-laguntzak. Hasiera-hasieratik zekien EAJk epe horiek betetzea ezinezkoa zela, eta horiek izan dira diru laguntzaren zatia kentzeko Eusko Jaurlaritzak emandako arrazoiak», azaldu du Bastarrikak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide