Ibon Agirrezabala, ‘Matxin IV’.-a: «Osabak erremontean aritzera animatu izan gaitu lehengusuak»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2012ko mai. 31a, 08:00

Erremontea uztea erabaki du Ibon Agirrezabala Matxin IV.-ak. Bederatzi urtean profesional moduan aritu ostean, jokatzeari utzi eta bere bi zesta lehengusuei oparitzea erabaki du. «Bat gorde egingo dut, oroigarri moduan». Oraindik Galarretan dauzkala gogoratu da. «Haien bila ere joan beharko dut», dio. Gogorra izan al da uztea? Gogorra ez zait egin. Izan ere, lesionatuta egon naiz hiru hilabetez. Belauna ondo daukat. Hori bai, sasoi kaxkar xamarra daukat, geldirik egon naizelako. Planteatzen hasi nintzen, merezi al zuen jarraitzeak. Ordura arte ez nuen sekula pentsatu, baina esan nion nire buruari: «Orain hasita ere zer egingo dut ba nik». Lagatzea pentsatu nuen. Ez zait gogorra egin. Jokatzen ari banintz, gogorra egingo zitzaidan. Hobeto esanda, ez nuke utziko, hor segituko nuen. Orain gainera, uda hastear da, eta partida gehiago izaten direnez, prestatzen hasi beharko nuke, eta entrenatzeko motibazioa falta zait. Beti izan dut motibazio hori. Gaizki eta ondo egon izan naiz, baina beti izan dut motibazioa. Oraingo honeta, ordea, ilusioa falta zitzaidan. Gazteei ere tokia egiten diete, eta guk behin 30 urte egindakook, mantentzea besterik ez daukagu. Bederatzi urte egin dituzu profesional gisa. Afizionatu gisa 16 urterekin hasi nintzen, lehengusuarekin. Izarraitzen (Azpeitia) ibiltzen ginen orduan. Gero Galarretan hasi ginen, eta 22 urterekin debutatu nuen. [...]

Matxin IV.-a

Ibon Agirrezabala 'Matxin IV.-a'

Erremontea uztea erabaki du Ibon Agirrezabala Matxin IV.-ak. Bederatzi urtean profesional moduan aritu ostean, jokatzeari utzi eta bere bi zesta lehengusuei oparitzea erabaki du. «Bat gorde egingo dut, oroigarri moduan». Oraindik Galarretan dauzkala gogoratu da. «Haien bila ere joan beharko dut», dio.

Gogorra izan al da uztea?
Gogorra ez zait egin. Izan ere, lesionatuta egon naiz hiru hilabetez. Belauna ondo daukat. Hori bai, sasoi kaxkar xamarra daukat, geldirik egon naizelako. Planteatzen hasi nintzen, merezi al zuen jarraitzeak. Ordura arte ez nuen sekula pentsatu, baina esan nion nire buruari: «Orain hasita ere zer egingo dut ba nik». Lagatzea pentsatu nuen. Ez zait gogorra egin. Jokatzen ari banintz, gogorra egingo zitzaidan. Hobeto esanda, ez nuke utziko, hor segituko nuen. Orain gainera, uda hastear da, eta partida gehiago izaten direnez, prestatzen hasi beharko nuke, eta entrenatzeko motibazioa falta zait. Beti izan dut motibazio hori. Gaizki eta ondo egon izan naiz, baina beti izan dut motibazioa. Oraingo honeta, ordea, ilusioa falta zitzaidan. Gazteei ere tokia egiten diete, eta guk behin 30 urte egindakook, mantentzea besterik ez daukagu.

Bederatzi urte egin dituzu profesional gisa.
Afizionatu gisa 16 urterekin hasi nintzen, lehengusuarekin. Izarraitzen (Azpeitia) ibiltzen ginen orduan. Gero Galarretan hasi ginen, eta 22 urterekin debutatu nuen. Niretzako egundokoa izan zen. Gainera, ondo hasi nintzen. Ez daukazu ezer galtzeko debutatzen duzunean; gaztea zara, ez daukazu beldurrik, ausarta zara… Eta 24 urte neuzkala, lotailua hautsi nuen. Gorako pausoa emateko hitz eginda nengoen, baina zorte txarra izan nuen, eta hori gertatu zizaidan. Lau hilabetean egon nintzen gaizki, eta azkenean ebakuntza egin zidaten. Dena ongi joan zen, baina belauna ongi izanda ere, buruan beti izan dut beldur moduko hori. Ordutik ondo ere egon naiz; bolada oso onak izan ditut. Baina asko markatu ninduen.

Banakako txapelketan ondo ibili izan zara azken urteetan.
Ondo-ondo, orain dela bi urte ibili nintzen. Guk ez dugu sekula aukerarik izan banaka jokatzeko. Lehengo enpresak zortzi onenak hartzen zituen, eta haiek jokatzen zuten indibiduala. Beraz, besteek ez zeukaten aukerarik. Baina duela bi urte, Oriamendi enpresa sartu zenean, guztioi eman zigun parte hartzeko aukera. Gu gustura geunden aukera genuelako. Azpi-azpian jarri ninduten, baina sei partida jarraian irabazi nituen, eta sei onenen artean sartu nintzen. Orduan, justu bi onenen aurka jokatzea tokatu zitzaidan; Ezkurra eta Urrutiaren aurka. Ederra da haien aurka jokatzea, baina izugarrizko egurra jaso nuen bi partidetan.

Erremontean ere krisia nabari al da?
Bai iritsi da. Apustuak jaitsi direla esaten dute. Jendea joaten da partidak ikustera, eta giro polita egoten da, baina jaitsi dena, apustu kopurua izan da. Lehen dirua apustuetatik egiten zen, batik bat. Lehen astearte, ostegun, larunbat eta igandetan jokatzen genuen partida Galarretan, eta orain bi egunetan baino ez. Erremontea asko jaitsi da. Koadroa ere jaisten joan da. Bost erretiratzen baziren, bi berri hartzen zituzten.

Matxindarren leinukoa zara. Horrek lagundu al dizu erremontean?
Osabak erremontean ibiltzera animatu izan gaitu lehengusuak. Hori bai, niri beti gustatu izan zait pilota; txikitan eskuz eta futbolean jokatzen nuen. Osabak eta aitak erremonterako zaletasuna zeukaten, eta Galarretara eramaten ninduten partidak ikustera. Nik horregatik ezagutzen dut erremontea. Nire lagunek, adibidez, ez dute ezagutzen. Kirol hori jasotzeko baten bat ezagutu beharra daukazu.

Futbolean ere aritzen nintzen, eta momentu batean erremontearen eta futbolaren artean aukeratu behar izan nuen. Azkenean erremontearen bidea hartu nuen. Hamabost urterekin, lehengusuak, erremonte txikia hartu, eta Beizamara edo Urrestilara joaten ginen erremontean ibiltzera. Guk gainera, hiru edo lau lehengusu egoten ginenez beti jolasteko prest, errazagoa izan dugu erremontean ibiltzea, alde horretatik

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide