Eusko Jaurlaritzaren Hiriber programak Txalon Errekako lanak ordaintzeko eman behar zuen diru-laguntza galdu izana salatu du Azkoitiko EAJk. Azkoitiko Udalari «gestio politikoan zero bat» jarri dio. Baita, «gertaerei aurrea hartzen» eta «autokritikan» ere. Diru-laguntzaren zati handi bat galtzea aurpegiratu diote jeltzaleek. Jaurlaritzarekin harremanetan jarri eta arazoa konpontzen ez saiatzeagatik, hasiera batean baino 373.325,61 euro gehiago ordaindu beharko dituela udalak adierazi du Mikel Zubizarreta EAJko zinegotziak.
Pasa den asteko udalbatzarrean, galde-erreguetan atera zuen gaia Zubizarretak. Orduan datu guztiak ez zituela erakutsi adierazi du. Horregatik, Alazne Larrañagak, Mikel Juaristik eta berak Hiribereko diru-laguntzaren bilakaera azaldu nahi izan dute agerraldi batean. «Udalbatzarra asko luzatu zenez, konkrezio falta egoten delako askotan, eta gauza garrantzitsua denez Hiriberreko diru-laguntzaren galera hau, zenbaki errealekin azaldu nahiko nuke», esan du Zubizarretak. Hala eta guztiz ere, datu ekonomikoez aparte, udaletxearen aldetik ez dela «gestio politikorik» egon salatu dute.
Hiri eta auzoetan, hiri eremuak hobetzeko diru-laguntzak arautzen ditu Hiriber programak. Txalon Erreka eta Ipintza auzoak herrigunetik «aparteago» daudelako, 2010ean, aurreko udal gobernuak Jaurlaritzarengandik 737.434,80 euroko diru-laguntza lortu zuela azaldu du Zubizarretak. Orduko aurreikuspenen arabera, obra guztiak 1.134.515 euro kostzekoak ziren, eta Hiriber programak kostuaren%65 ordaintzea onartu zuela azaldu du.
2010eko urrian, lan horiek zein enpresak hartuko zituen aukeratzerakoan, eskaintza onena Amenabar enpresarena zela erabaki zuen udalak. Hark egin zuen eskaintzaren arabera, 737.434,80 euroren truke zen egitekoa lan guztiak. Beraz, Eusko Jaurlaritzak, diru kopuru horren %65 eman beharko luke diru-laguntza moduan; 505.151,3 euro, alegia. Behin lanak nork egingo zituen onartu zenean, Jaurlaritzak 184.358,70 euro aurreratu zituela ere gogoratu du Zubizarretak.
Lanak luzatuta
Iazko maiatzean udal gobernua aldatu zela ere gogorarazi dute, eta lanak irail horretan hasi zirela. Hilabete horretan «Eusko Jaurlaritzak eskutitza bidali zuen udaletxera, obrak abenduaren 31rako amaitu behar zituztela gogoraraziz», azaldu du Zubizarretak. Urriko udalbatzarrean, lanak atzeratzea eskatzea erabaki zela ere gogorarazi du. Eskari horren eskutitza, abenduaren 23an iritsi zela Jaurlaritzara esan du. «Harritzekoa da, urrian, plenotik pasata dagoen atzerapena eskatzeko dokumentu bat, Eusko Jaurlaritzara abenduaren 23an iristea. Gabonak direla kontuan hartuta, eta epea abenduaren 31n amaitzen dela ikusita, ni harritu egiten naiz», azaldu du Zubizarretak.
Behin epea amaituta, Jaurlaritzak ordura arte lanetan gastatutako diruaren zenbatekoa eskatu zion Udalari. Udalak «202.808,75 euro justifikatu zituen. Beraz, Eusko Jaurlaritzak horren %65 ordaindu behar dio; 131.825,69 euro. Lehenago 184.358,70 euro aurreratu zizkionez, ordea, 52.533 euro itzuli beharko dizkio Jaurlaritzari, eta gainontzeko kostu guztia udalak ordaindu beharko du. Amenabarrek aurreikusitakoa gastatzen baldin bada lanetan, 373.325,61 euro gehiago ordaindu beharko ditu udalak».
«Nik udalbatzarrean kritikatzen nuena zen, ez dela gestio politikorik egon. Inor ez da Eusko Jaurlaritzara joan, inork ez du deitu. Inor ez da joan Gasteizera horretaz hitz egitera».
EAJtik laguntzeko prest
Gertaerarekin ez direla pozten adierazi dute, eta beraien laguntza eskaini diote udalari, «oraindik ere, diru zatiren bat lortzea» posible izango delakoan.