Ekainaren 10ean izango da XX. Zazpi Kurutze Ibilaldia. Bi urtean behin izaten da, eta dagoeneko eman daiteke izena txangorako. Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatzen du ibilaldia. Aritz Oruesagasti da lehendakaria,
eta boluntarioen «lana eskertu» du.
Azkenengo mendi ibilaldian zenbat lagunek hartu zuten parte?
300 lagun baino gehiagok hartzen dugu parte normalean. Gehienezko zifra jartzen dugu beti; gehienez 350k har dezakete parte. Inoiz ez gara topera iristen, ordea, 300-320 inguruan ibiltzen gara.
Zergatik mugatzen duzue parte-hartzea?
Jende askok izena emango balu, ezingo ginateke denera iritsi hornidura postuetan. Eta ibilbideari dagokionean, Erlorako bidea estu samarra da hasieran, eta jende asko kolpetik hastea ez litzateke ona izango. Erosoagoa da guretzat. Hala ere, kopurua ez da inoiz muga horretatik pasa.
Aurtengorako zer espero duzue?
Beti bezala izango delakoan gaude. Hori bai, jendea normalean azken egunetan inskribatzen da. Lehenxeago begiratu dut zenbat jendek eman duen izena, eta oraindik gutxi dira. Jendea azkenengo momentuan apuntatzen da, eguraldiaren arabera. Garai honetan, gainera, martxa asko daude aukeratzeko.
Non eman daiteke izena?
Aurrez gure web orrialdean (www.anaitasunamb.org) eta Etxeza harategian. Egunean bertan plazan ere eman ahalko da. Aurretik eginez gero 13 euro kostatzen da, eta egunean bertan, 16.
Zein dela esango zenuke ibilaldi honen berezitasuna ?
04:00etan hasten da. Hori da berezitasun nagusia. Mendi Federaziokoekin hitz egin genuen aurrekoan, eta hain goiz hasten den bakarra dela esan ziguten. Horregatik du xarma. Hasieran argi frontalarekin abiatu beharra daukazu, eta hasieran Erlon gora suge bat doala dirudi, argi ilara bat ikusten baita. Horrez gain, zazpi gurutze, zazpi puntu pasatzen dira. Bestela ez dauka berezitasun handiegirik.
Zenbat denbora behar izaten du jendeak proba amaitzeko?
Normal eginez gero, hamar-hamaika orduan egiten du jendeak. Badaude presaka egitera joaten direnak, eta denbora mugaren aurretik ibiltzen dira. Izan ere, zenbait postu jartzen dira ibiltariei txartel bat zigilatzeko. Baina horretarako ordu jakin batean egin behar da, eta aurretik iristen direnei ez zaie zigilatzen, ordua iritsi arte. Batzuk zain egoten dira, eta beste batzuk alde egiten dute.
Hori zergatik izaten da?
Azken finean ez da lasterketa bat; jendea lasai ibiltzeko modukoa da. Oso azkar joanda ez zara sartuko denboran, baina pixka bat azkar joanda bai. Berez, oinez egiteko dago pentsatuta, erdi korrika ere bai. Baina dena lasterka eginez gero, ez zara denboran sartuko. Azkoitira iristeko tartea 14:00etatik 17:00etara izango da.
Zazpi Kurutze. Ibilbidea
Hasiera. Azkoitiko plazan 4:00etan.
Erlo. 6. kilometroa (1.026 metro)
Aittola. 10. kilometroa (645 m.)
Zargoate. 19. kilometroa (540 m.)
Hirukurutzeta. 20. kilometroa (895 m.)
Irimo. 32. kilometroa (898 m.)
Izazpi. 41. kilometroa (950 m.)
Oleta. 46. kilometroa (756 m.)
Azkotiko Oteiza frontoietan. 55. kilometroa