Sare batekin babestu dute Azkoitia eta Elgoibar arteko Azkarate mendateko zubia. Zubiaren bi aldeetara jarri du sarea Gipuzkoako Foru Aldundiak. Herriko zein eskualdeko hainbat bizilagunen eta Azkoitiko Udalaren eskaerak onartuta hartu du erabakia. Azken urteetan hainbat pertsonek egin dute beren buruaz beste zubitik salto eginda, eta hori ekiditea da ekimen honen helburua. Pasa den astean hasi ziren lanekin, eta Aldunditik jakinarazi dutenez, «gutxi falta da» amaitzeko.
«Gertakizun hauek kezkatu egin gintuzten. Izan ere, gure agintaldian bi heriotz izan dira bertan», azaldu du Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak. Alkatetzan dagoela hil zen lehen pertsonaren senideak berarekin bildu zirela jakinarazi du: «Haienak ez zeukala erremediorik, baina ahaleginak egiteko eskatu ziguten. Gu ordurako geure artean hitz egiten hasiak ginen zerbait egiteko», gaineratu du. Horrez gain, Urola Ikastolako ikasle talde batek ere eskutitz bat bidali ziola gaineratu du, eta abenduaren 24an beste herritar bat joan zitzaiola horren inguruan zerbait egiteko eskatzera.
Aldundiari eskaera
Aurreneko gertaeraren ondoren jarri zen Azkoitiko Udala aldundiarekin harremanetan. Ertzaintzari «gertakari horiei buruzko ahalik eta daturik zehatzenak bidaltzea» eskatu zioten txosten batean, horrekin aldundira eskaera egitera joateko. Errepide horren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, beraz, udalak ez dauka bertan sarerik jartzeko ahalmenik. Behin Ertzaintzaren txostena lortu zutenean, aldundiari eskaera egin zioten. Eskaeraren ondoren, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuarekin bildu ziren. «Urgentziazkoa zela azaldu genien», adierazi du alkateak. Inaxio Gorosabel zinegotziak erantzun ziotena kontatu du: «Argi esan ziguten, ez dago dirurik, baina honi emango diogu lehentasuna».
Bai alkateak, bai zinegotziak, argi dute ez duela horrek arazo guztia konponduko, baina Gorosabelek honakoa azaldu du: «Azterketa batzuk diotenez, hasierako inpultso hori eragozten baldin bada, buruaz beste egiten saiatu diren pertsonak hausnartzen hasten dira». 2005.urtetik, guztira sei lagunek egin dute beren buruaz beste zubi horretatik salto eginda: 2005ean pertsona bat hil zen, 2008an bi, 2009an bat eta iaz, berriz, beste bi.
Zubisaltorik ez
Sare horren eraginez, ezingo da zubisalto edo puenting-ik egin hemendik aurrera. Enpresa bat arduratzen zen bertan zubisaltoa antolatzeaz, baina Gorosabelek jakinarazi duenez, orain beste toki batean antolatzen dituzte.