Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, Gunea Eguna antolatu du. Etzi izango da, Azkoitian. Euskal Herriko hainbat euskara elkarte izango da bertan, beren esperientzia kontatu eta gainontzekoena entzuteko. Horrez gain, festa girorik ez da faltako egun osoan. «Inguruko euskalzaleak» ere parte hartzera gonbidatu dituzte. Iker Martinez de Lagosek (1976, Bilbo), Topaguneko idazkariak antolaketa lanetan dihardu, eta aurtengoa lehen Gunea Eguna izango dela azaldu du, baina bigarrena egingo dutelakoan da; «nahiko seguru», gainera. «Interesgarria da horrelako egunak egitea», nabarmedu du Topaguneko kideak.
Zer da Gunea Eguna?
Topaguneak euskara elkarte guztien topaleku moduan antolatu duen eguna da. Bi helburu ditu. Batetik, euskara elkarteen egitasmoen trukea egitea. Egitasmo interesgarri eta arrakastastuenak trukatzea. Batzuk besteei azaltzea, eta besteengandik ikasi ahal izatea. Bestetik, elkartzeko eta jaia egiteko aitzakia da. Hortaz, euskara elkarteetako kideei zuzendutako eguna da, baina jaia Azkoitian egingo dugunez, inguruko euskaltzale guztiak ere gonbidatuta daude.
Zein euskara talde izango dira?
Euskal Herriko puntu askotako taldeek hartuko dute parte. Gipuzkoatik, adibidez, Txatxilipurdi, Goiena eta Galtzaundi etorriko dira. Bizkaitik, adibide batzuk jartzearren, Berbaro, Egizu eta Berbaizu. Arabarrak ere etorriko dira: Aiaraldea.com webgunekoak izango dira bertan, eta euskara elkartea ez den arren, Arabako Bertso Eskolakoak etorriko dira beren esperientziaren berri ematera. Nafarroatik, adibidez, Xorroxin Irratitik eta Karrikiri Iruñeko Euskara Elkartetik etorriko dira. Guztira 22 proiektu aurkeztuko dituzte, eta 20 bat elkartetatik etorriko dira Azkoitira.
Eztabaidak taldeentzat bakarrik izango al dira?
Goizean egingo ditugun aurkezpenak zabalak izango dira. Oteiza Frontoietan egingo ditugu.Printzipioz euskara elkarteetako kideei egin diegu deia, baina irekia izango da. Inguruko norbaitek hurbildu nahiko balu, izango luke parte hartzeko aukera. Ehun bat lagun espero ditugu. Aurkezpen oso laburrak egingo ditugu, hamar minutu ingurukoak. Elkarteak kontaktuan jartzeko ere baliatu nahi dugu egun hau. Beste baten proiektua gustatzen baldin bazaio baten bati, harremana lantzeko eta ideak hartzeko balioko du. Baina bai, irekia izango da. Gainera, proiektuak aurkeztu bitartean umeentzako jolasak izango ditugu, herritarrei ere zuzenduta.
Zergatik aukeratu duzue Azkoitia?
Leku interesgarria zela iruditzen zitzaigun, hainbat arrazoirengatik. Kokapen aldetik interesgarria da; Euskal Herri osotik hurbiltzeko ez da leku txarra. Baina horrez gain, herrian euskara elkarte bat egotea eskatzen genuen, eta horrek dinamika jakin bat izatea herrian. Maxixatzenek azken urteetan dinamika interesgarria izan du; gogoeta prozesu bat egin dute kideek, jende berria hasi da elkartean… Beraz, leku aproposa zela ikusi genuen. Haiei proposatu genien, eta hasieratik oso prest agertu ziren. Beraz, Topaguneak antolatua da, baina bion artean egin dugu. Maxixatzenek pisu handia izan baitu antolatzean.
Nola azalduko zenuke Topagunearen zeregina?
1997an sortu zen federazio bat da Topagunea. Zeregin nagusia euskara elkarteen mugimendua osatzea du. Euskara Elkarte asko martxan zeuden Topagunea sortu zenerako, eta egun 86 elkarte daude bertan federatuta. Garai hartan ikusten zen, gauza bateratuak egiteko edo ekitaldiak koordinatzeko zerbait sortu beharra zegoela. Orain momentu oso interesgarria da euskara elkarteen mugimenduarentzat. Izan ere, gogoeta prozesu batetik atera berria da; norabideak aztertu eta aurrera begirakoak jarri ditu mugimenduak. Besteak beste, Gunea Eguna horri esker sortu dela esango genuke.
Gunea Eguna
Maiatzak 19, larunbata
-10:30ean. Harrera ekitaldia Oteiza frontoietan.
-11:00etan. 25 ideia on eta gehiago; (in)formazio pilulak; Umegunea, Oteiza pilotalkuetan.
-13:00etan. Elkarteen azoka txikia plazan.
-13:00etan. Kantu Jira plazatik.
-14:30etan. Heri Bazkaria plazan.
-16:30etan. Ekitaldia plazan.
-17:00etan. Erromeria plazan.
-19:00etan. Txaranga herrian zehar.